Herriko trikitilari gazteen proposamenetik sorturikoa da ekainaren 16ko Trikitixa Eguna. Egun guztirako egitaraua osatu dute trikitilari gazteek, Gaztelekuak, Gaztetxeak eta Udalak. Talde horien ordezkariek eta Arantza Baigorri alkateak aurkeztu dute ekimena.
Udaletxeko plazatik botako dute, ekainaren 16an, 11:30ean, jaia abiarazteko txupinazoa, eta trikitixa emanaldia eskainiko dute parte hartzera animatzen diren trikitilari eta panderojoleek, 12:30ean, plazan. Inguruko herrietako trikitilariak gonbidatu dituzte trikitixazaldibar@gmail.com helbidean izena eman eta emanaldi horretan parte hartzera.
Ekimena “herriko gazte talde baten iniziatiba izatea oso pozgarria” dela azpimarratu du Arantza Baigorri alkateak. Helburua, “jai giroa eta jendeari trikitixarekiko interesa piztea” dute.
Egitaraua
11:30ean: Txupinazoa udaletxeko plazan, eta jarraian, kalejira herritik zehar
12:30ean, Trikitixa emanaldia plazan, eta jarraian, trikipoteoa
14:30ean, Bazkaria, udaletxeko plazan
16:00etan, Umeentzako tailerrak
17:30ean, Erromeria, Trikidantz taldeagaz
Gauez, jaia Gaztetxean