Eguaztenean onartu zuten ur hornidurarako eta beste inbertsio batzuetarako kreditua handitzea.
Aho batez onartu zuten Bildu, PSE-EE, EAJ eta PPko zinegotziek gobernu taldeak proposaturiko kreditu gehikuntza. Udalaren soberakineko dirua baliatuko dute inbertsio horiek egiteko. Martxoan onartu zuten udal aurrekontuan jaso barik zeuden hainbat inbertsio barneratu dituzte, horrenbestez, aurtengo aurrekontuan. Horrela, 198.000 euro gehiago izango ditu Udalak hainbat inbertsiotarako.
Diru horregaz finantzatuko dituztenetatik hiru proiektu azpimarratu ditu Arantza Baigorri alkateak. Batetik, Soloberria futbol zelaiaren inguruko San Andres multzoko etxebizitzetan ur horniduragaz daukaten arazoa konpondu gura dute, bestetik. Aurrekontuan egindako aldaketa horren ostean, 90.000 euro bideratuko dituzte horretara. Uraren sarea konponduko dute. Izan ere, azken urteetan, futbol zelaia ureztatzen dutenean urik barik geratu dira San Andresen. Udako bi hilabete inguru beharko dituzte obratarako.
Zalduarako, 60.000 euro
Bestetik, Zaldua plaza konpontzera 60.000 euro bideratuko dituzte. Udan egingo dute obra hori. Gainera, joan zen astetik Olazar frontoiaren ondoan ipini dituzten ariketa fisikoa egiteko makinen 13.000 euroko gastua ere barne hartzen du eguaztenean onartutako kreditu gehikuntza horrek.