Hezkuntza, udal aurrekontuaren lehentasuna

Anboto 2012ko mar. 22a, 09:15

Udal gobernuko Bilduko sei zinegotzien aldeko botuekin onartu zuten atzo 2012ko udal aurrekontua. Kontra bozkatu zuten EAJ, PSE-EE eta PPko zinegotziek

Udal gobernuko Bilduko sei zinegotzien aldeko botuekin onartu zuten atzo 2012ko udal aurrekontua. Kontra bozkatu zuten EAJ, PSE-EE eta PPko zinegotziek.

 

Urte honetarako, guztira, 2.894.721 euroko diru sarrera eta irteerak aurreikusten ditu Bilduko gobernuak proposaturiko udal aurrekontuak. Aitor Arizmendiarreta Ogasuneko zinegotziak azaldu zuenez, "herritarrek auzoetan egindako herri batzarretan egindako ekarpenak" izan dituzte lehentasunen zerrenda osatzeko oinarri.

 

Horrela, hezkuntza zehaztu dute udalaren aurtengo lehentasun bezala, eta arlo horretako inbertsioa iazkoa baino %44 altuagoa izango da. "Haurtzaindegiaren mantenua, Kzgunea botatzeko lanak eta ikastetxeko moduluak egokitzeko lanak" aurreikusi dituzte alor horretako inbertsioen artean.

 

Orokorrean ere, iazkoa baino %6,9 altuagoa den aurrekontua osatu dute 2012 urterako. Arizmendiarretak azaldu duenez, 180.373 euro bideratuko dituzte gizarte ekintza arlora, iazkoa baino %11 handiagoa den diru-atala. Partida horren barruan aurreikusi dituzte, adinduen etxeetan suteen aurkako detektagailuak jartzeko diru-atala, eta aurten gora egingo duen jaioberrien laguntzetarako partida, esaterako.

 

Bestetik, eta Bilduko ordezkariek azpimarratu dutenez, 2011koagaz alderatuta, %6,9 egingo dute aurten udalaren diru-sarrerek gora: Ogasun zinegotziak azaldu duenez, "2007tik aldatu barik zeuden ordenantza batzuk aldatu" dituzte, eta horrela diru gehiago bilduko du udalak ondasun higiezinen, ibilgailuen eta jarduera ekonomikoen zergetatik.

 

Oposizioaren jarrera

Bilduko gobernu taldearen aurrekontu proposamenaren kontra bozkatu zuten oposizioko hiru alderdiek. Batetik, "inkoherentzia asko ikusten" dituztela azpimarratu zuen Nerea Garitagoitia EAJko bozeroaleak: "Espainiako gobernuaren lan erreforma kritikatzea eta aldi berean udalean murrizketak egiten jardutea" egotzi zion Garitagoitiak Bilduri.

 

Aurrekontu proposamenean jasotako "Udalbiltzarentzako diru-atala kritikatu", eta "kontra bozkatzera behartzen gaituzue", adierazi zuen, bestetik, PSE-EEko Javier Terak; eta "ez dago inbertsio nahikorik enplegu arloan, eta gehigizkoa da euskararen arloko gastua", adierazi zuen Benito Paco PPko zinegotziak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!