Jubilatuen tabernaren gestioa, lehiaketara

Anboto 2012ko ots. 4a, 08:14

Udalagaz ez zegoen kontraturik sinatuta, eta ordezkariek batzarra egin dute asteon nagusiekin

Udalagaz ez zegoen kontraturik sinatuta, eta  ordezkariek batzarra egin dute asteon nagusiekin.

 

Zaldibarko Udalak lehiaketa publikora aterako du jubilatuen tabernako kudeaketa. Orain arte ez da egon kudeatzaileen eta administrazioaren arteko kontraturik, eta egoera hori formalitzatzea gura dute udal arduradunek. “Taberna publikoa denez, lehiaketara atera behar du”, adierazi digu Arantza Baigorri alkateak.

 

Antza denez, eztabaida sortu da nagusien artean lokalaren etorkizunaren gainean, eta gauzak argitzeko helburuz, batzarra egin zuten eguaztenean bi aldeek. 70 lagunetik gora batu ziren; jubilatuen juntakoak, Baigorri alkatea eta Carmen Sampedro alkateordea. Batzarrean udal ordezkariek azaldu zuten ez dela euren helburua taberna ixtea, batzuek uste izan duten eran, egoera legeztatzea baizik.

 

BBKren osaketa

Udalbatzarrak baietza eman dio Iurreta, Berriz, Otxandio, Atxondo, Ermua eta Zarautzegaz BBKren osaketarako hauteskunde-elkartea osatzeari; asanbladaren %50 berritu behar du kutxak. Iurretan ere onartu dute proposamena; ez, ordea, Berrizen.

 

Alkateak dekretu bidez eroan zuen gaia joan zen asteko bilkurara, eta aho batez onetsi zuten zinegotziek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!