Inguruko produktuak erakusgai domekako azokan

Anboto 2012ko urtarrilaren 21a

XIV. Neguko Azoka burutuko dute domekan, erakusketa, salerosketa eta lehiaketa uztartuz

XIV. Neguko Azoka burutuko dute domekan, erakusketa, salerosketa eta lehiaketa uztartuz.

 

Goizeko 11:00etan zabalduko dute domekan Zaldibarko XIV. Neguko Azoka. Euskal Herria etorbidea jai-gune dela, nekazarien uzta izango da eguneko protagonista. Durangaldea, Busturialdea, Lea-Artibai, Debabarrena eta Debagoieneko ekoizleak etorriko dira produktuak eskaintzera, antolatzaileek azaldu dutenez.

 

Sariak banatuko dituztenez, 10:00etan epaimahaiko kideek aztertuko dituzte postuak, eta horren ondoren, 11:00etan, zabalduko dute azoka jendearentzat. Baserriko produktuak –barazkiak, frutak eta okelaz egindakoak–, mintegietako landareak, txakolina, eztia, gazta, ogia eta gozogintza ipiniko dituzte interesdunen eskura, ikusgai zein salgai. Sariei dagokienez, 14:00etan esango dute nortzuk diren irabazleak.

 

Eguerdiko 15:30 arte egongo da erosketak egiteko aukera, ordu horretan emango diote-eta azokari amaiera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!