EAJk Meza Nagusia egitarautik kentzea eta presoen aldeko mobilizazio bat barneratzea kritikatu du

Anboto 2011ko aza. 26a, 08:47

Bilduk udalaren akonfesionalitatea eta herriko elkarteen partaidetza ipini ditu arrazoi nagusitzat erabakiak azaltzeko.

Bilduk udalaren akonfesionalitatea eta herriko elkarteen partaidetza ipini ditu arrazoi nagusitzat erabakiak azaltzeko.

 

Eztabaidatsua izan zen atzoko udalbatzarra Zaldibarren. Galde eta eskeen tartean, EAJk jaien gaineko puntua atera zuen mahai gainera, egitarauko gauza batzuekin ez zegoelako ados. Alde batetik, Meza Nagusia egitarautik kentzea eta jaien izena San Andres mantentzea "koherentzia falta" dela salatu zuen Nerea Garitagoitia jeltzaleak. Gainera, elizkizuna kenduta "hainbat herritar baztertu" egiten direla salatu zuen. Garitagoitiak adierazi zuen herritar guztientzako gobernatu behar dela, eta ez batzuentzako bakarrik. Bestetik, jeltzaleek Euskal Presoak Euskal Herrira kontzentrazioa egitarauan sartzea ere gaitzetsi zuten. "Egitaraua akonfesionala bai, baina apolitikoa ez?" galdetu zioten zuzenean Arantza Baigorri alkateari. PSE-EEko zinegotziak ere puntu hau salatu zuen, bere ustez "herritar batzuk iraintzen dituelako". PPko ordezkariak bat egin zuen EAJren aldarriekin.

 

Mezaren gainean, Olaia Araucua Bilduko zinegotziak erantzun zuen udala akonfesionala izatearen erabakia hartu dela, eta horregatik kendu dela egitarautik. Eztabaida ikusleen artera ere zabaldu zen. Batek zioen akonfesionala izan arren, jaien izena ezin dela egun batetik bestera aldatu, "hausnarketa" behar duela horrek. Beste baten iritziz, "munduko hainbat lekutan herrialde akonfesionalak daude, eta horregatik ez da sektore bat errespetatzeari uzten". Gaineratu zuen, meza noiz den jakin gura duena enteratuko dela beste bide batzuetatik ere.

 

Presoen harira, Arantza Baigorri alkateak azaldu zuen egitarauan hainbat elkartek parte hartu dutela antolaketan, eta elkarte baten proposamena izan dela. Hala ere, udalak ez duela "kontzentraziorako animatzen edo deia egiten". Udalak presoen eskubideen aldeko mozioa onartua du eta, Araucuaren iritziz,  "horrek balkoian bandera jartzea baino gehiago esan gura du".

 

Giro tentsionatua gailendu zen azken txanpa horretan. "Hainbeste kritika ez dakit zertara datorren", adierazi zien jeltzaleei Baigorrik. "Horretarako, kritika egiteko, soilik parte hartzen duzue", leporatu zien alkateak EAJkoei. Jeltzaleek adierazpen horren aurka egin zuten, euren lana defendatuz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!