Entrenamendua hastear duela harrapatu dugu Ruben Perez zaldibartarra. Taldeagaz kontzentratuta egon da asteon, eta dagoeneko denboraldi berriari begira dabil lanean. Asteburuan, baina, izango du entrenamendutik piper egiteko aitzakia. San Andres jaiak ospatuko dituzte Zaldibarren, eta Ruben aukeratu dute jaiei hasiera emateko arduradun. Gaitza egiten zaie txirrindulariei beharra eta jaia uztartzea, azalduko digun legez.
Taldeko kontzentraziotik etorri berri zara. Zelan zabiltza kirol-mailan?
Eguaztenera arte egon gara taldekideak batuta, kontzentrazioan. Aurten, oraindik, berde samar nago. Hilabete eskaseko entrenamendua daramat bakarrik, eta oinarri on bat egiteko fasean nagoela esango nuke.
Zer egiteko daukazu datozen hilabeteetarako? Noiz hasiko duzu proben egutegia?
Abenduan hamar eguneko beste kontzentrazio bat daukat Alacanten. Gero, urtarrilaren 5ean, Australiara joango naiz, eta hile bereko 15ean ekingo diot lasterketetan parte hartzeari, Tour Down Under proban.
Lehian, ihesaldietan sartzekoa zara. Ausardia hori eguneroko bizitzan ere erabiltzen duzu?
Ez. Ihesaldiekin, lasterketetan oso ondo datorkidan funtzio edo eginbehar bat topatu dut, eta taldeari ere ondo datorkiola uste dut. Baina eguneroko bizitzan mutil nahiko lasaia naiz, eta indarrak errepiderako gordetzen ahalegintzen naiz.
Txupinazoa botatzeko ardura eman dizute jaietan. Zerbait esango al duzu balkoitik?
Ez dakit antolatzaileek berba egiteko eskatuko didaten ala ez. Izaeraz oso lotsatia naiz; beraz, zer edo zer esateko eskatzen ez badidate, ez dit ardura izango. Baina horrela suertatzen bada, nire berbak zaldibartarrei, afizioari eta beti jarraitzen zein animatzen nauten guztiei eskerrak emateko erabiliko ditut.
Iaz ere omenalditxoa egin zizuten Zaldibarren, zure ibilbideagatik. Zelan hartzen da herritarren omena?
Oso polita iruditzen zait omenaldia jasotzea. Ni, nire lana ahalik eta ondoen egiten saiatzen naiz, trukean ezer jasotzeari itxaron barik. Babesten eta keinu horregaz hartzen nauen herri bat topatzen dut; horrek indarra eta gauzak oraindino eta hobeto egiteko gogoak ematen dizkizu.
Zelako jaiak iruditzen zaizkizu Sanandresak? Zelan ospatzen dituzu?
Herriaren izenean, guztiok gonbidatuta zaudete hona etortzera. Jai laburrak dira Sanandresak, baina denetarik dagoela esango nuke. Kontzertuak, bakarrizketak, Erdi Aroko eta Artisauen Azoka... Nire ekitaldi gogokoena mendi-bizikleta martxa da; domeka honetan, goizeko 10:00etan izango da, eta bertan parte hartuko dut nik ere. Eta, bestelakoan, seguru nire herriko lagunekin zurito batzuk hartzen ospatuko ditudala jaiak.
Beti esan izan da txirrindulariak ez direla parrandan ibiltzen.
Egia da denboraldia hasterakoan eta serio entrenatzen hasten garenean albo batera uten ditugula jaiak eta gaupasak. Txirrindulariak ondo daki lehian ondo ibili gura badu ez duela nahikoa ondo entrenatu eta elikatzen jakiteagaz. Hori bezain garrantzitsuak da atseden orduak edukitzea eta zaintzea. Baina, denboraldiz kanpora atseden hartzen gaudenean, jausten da parrandaren bat edo beste.
Jaietan asko jateko ohitura ere badugu hemen. Hori ere zaindu beharko duzu beharbada...
Lantzean behin egiten bada, ez da ezer gertatzen. Bakoitzak jakin behar du bere pisutik oso goora dagoen ala ez. Baina denetik jan dezakegu, eta hala egiten dugu. Denboraldian, hala ere, eguneroko platera pasta izan ohi da.
Dantzarako edo festarako gustuko duzun musikaren bat...
Aitortu beharra daukat ez dudala dantzan ondo egiten; buru bako oilasko bat ematen dut halakoetan (barrez). Hala ere, ondo pasatzeko bada, berdin zait zer musika ipintzen duten.