Trikitixa txapelketak, argazki erakusketak eta azokak girotuko dute udazken beteko asteburua.
Eguaztenera arteko jaia prestatu dute Zaldibarren, gaur arratsaldeko 19:00etan hasita asteburua ekitaldiekin josiz. Ruben Perez txirrindulariak jaurtiko du txupinazoa udaletxetik, eta kalejirak zabalduko du jai giroa kalez kale. Udalagaz batera, Guraso elkartea, Helmuga, Ilargi argazki taldea, Koral elkartea, Lagun Artea, Gaztetxea, Arku taldea, Mendi taldea eta Pilota taldea ibili dira egitaraua osatzen.
Ekitaldien artean, nabarmentzekoa da bihar goizean Euskal Herria kalean egingo den Erdi Aroko eta Artisau Azoka. Gainera, tailerrak ere eskainiko dituzte, errementaritzaz edo beira sortzeaz, besteak beste. Bestetik, Ilargik eratutako argazki lehiaketan 44 lagunek hartu dute parte aurten, eta Jose Agustin Gurruchaga bergararrak irabazi du lehenengo saria. Lan sarituak udaletxe zaharrean egongo dira ikusgai asteburuan eta San Andres egunean.
Trikitixa txapelketako finala
Ohiturazko ekintza da Zaldibarren Euskal Herriko Trikitilari Gazteen Txapelketako finala. Domekan da hitzordua, 17:30ean, Olazar pilotalekuan; Azkoitia eta Aguraingo kanporaketetan sailkatuek joko dituzte piezak. Hogeigarren edizio honetako bikote irabazleak 330 euro jasoko ditu, eta beste zazpi sari eta garaikur ere gordeta dituzte parte-hartzaileentzat.
Finalistek birritan joko dute Zaldibarren, San Andres egunean kalejira egingo dute-eta goizeko 11:30etik aurrera. Horrez gainera, jubilatuen bazkaria eta pilota partidak ere programatu dituzte jaietako egun handirako.
Gaztetxeko egitaraua
Jaietako zenbait ekintza Gaztetxean garatuko dira, gazteak ere antolatzaile diren heinean. Gaur bertan, adibidez, Ruben Padilla ariko da bakarrizketan. Bihar herri-bazkaria eta Kilauea eta Akerbeltz taldeen kontzertuak izango dira Gaztetxean. Eguaztenean, umeen jolasek eta argazki emanaldiak itxiko dute egitaraua.