Elizaldeko plazaren historiaren berri Ondare Jardunaldietan

Anboto 2011ko urr. 28a, 09:23

Zapatu goizean izango dira ekitaldiak; lehenengo bisita gidatua egingo dute, 10:30ean, eta gero bertso-pilota zein dantza erakustaldia, 13:30ean

Zapatu goizean izango dira ekitaldiak; lehenengo bisita gidatua egingo dute, 10:30ean, eta gero bertso-pilota zein dantza erakustaldia, 13:30ean.

 

Zaldibarko Elizaldeko plazaren historia ezagutzeko aukera eskainiko dute, zapatu goizean, Gerediaga elkarteak, Urkiola landa garapenerako elkarteak eta eskualdeko zenbait udalek eratzen dituzten Ondare Jardunaldien baitan.

 

Goizeko 10:30ean bisita gidatua burutuko dute, frontoitik irtenda. Eguerdian, 13:30ean, bertso-pilota jaialdia eskainiko dute, eta amaitzean nesken soka-dantzak hartuko du plaza, azaldu dutenez.

 

1800. urtearen inguruan eraiki zuten Zaldua plaza izenez ere ezagutzen dena. San Andres eliza buru, bere atariak udaletxeari eta eskolari lekua eman zion, eta kanpandorreari herri-erlojuaren dorrea atxiki zitzaion. Agintaritza zibila, eliz aginpidea, zerbitzu publikoa, etxebizitza eta aisialdia biltzen ziren espazio publiko hartan. Antolatzaileen esanetan, XVIII. eta XIX. mendeetan herri-kulturaak balio berri bat eskuratu zuen: ilustratuek interesa azaldu zuten musika, dantza, kirol, hizkuntza eta abarrekiko.

 

Bisita gidaturako erreserba europaondarea@gmail.com helbidean egin daiteke. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!