"Orain lau urte idatzi nuen nobela; gordeta eduki dut"

Anboto 2011ko urr. 20a, 10:01

Euskara eta literatura irakasten ditu Gaizka Zabarte zaldibartarrak, eta idatzi egiten du. Gaur aurkeztuko du, Donostian, Susa argitaletxeagaz plazaratu duen Zaharrak ez zuen hil nahi nobela.

Euskara eta literatura irakasten ditu Gaizka Zabarte zaldibartarrak, eta idatzi egiten du.  Gaur aurkeztuko du, Donostian, Susa argitaletxeagaz plazaratu duen Zaharrak ez zuen hil nahi nobela.

Aurretik idazten eta argitaratzen jardundakoa zara?

Argitaratu, aldizkari batzuetan egin nuen gaztetan; 1980ko hamarkadako Ttu-ttua aldizkarian ipuinak argitaratu nituen. Horretaz gainera, ez besterik. Laurogeiko hamarkadan hainbat literatur aldizkari kaleratzen ziren, eta, irakurtzeko baino gehiago, idazteko ohitura oso zabaldua zegoen.

Eta argitaratu ez arren idazten, noiztik?

Idatzi, gehiago edo gutxiago, baina aspalditik egin dut. Tarteka, boladaka, batzuetan, idatzi izan dut. Beste kontu bat, oso difenrentea, argitaratzea da. 

Nobela honen idazketa eta argitalpena zelako prozesuak izan dira?

Nobela hau orain lau urte inguru idatzi nuen, eta gordeta eduki nuen denbora batez. Une batean lana Susa argitaletxera bidaltzea bururatu zitzaidan, eta argitaletxeak publikatzea merezi duela iritzi zion. Udaberritik udara, ukitu batzuk eman eta lana borobiltzen jardun dut.

Hasierako zure erabakia, beraz, idatzitakoa gordetzea izan zen.

Bai, idazten den guztia ez baita argitaratzen. Idazten duten guztiek ere ez dute argitaratzen. Beste erabaki bat da hori. Nobela ez neukan ahaztuta, eta momentu batean erabaki nuen partekatzea; pare bat lagunek irakurri zuten lehenengo. Gero, nire gustuko argitaletxe batera bidaltzea pentsatu nuen, euren iritzia jakiteko asmoagaz. Behin partekatzen hasita, lagunekin legez, edonorekin partekatzea erabaki dut.

Istorioa ezagun egiten zaizkigun lekuetan dago kokatua...

Mahatserrian mugitzen dira pertsonaiak; lehengo Bilboko Begoñako Errepublikan. Trama gaur egunean eta orain hamarkada batzuk kokatuta dago, eta Josu Gezeta izenekoa da narratzailea. Mahatserria, Bilbo eta Durangon dira lokalizazioak, nahiz eta istorio edonon eta edonoiz gertatu zitekeen. Heriotza, maitasuna, norbere buruaren ezezagutza... gai unibertsalak dira.

Josu protagonista, zure moduan, irakaslea da,  eta idatzi egiten du.

Beste edozer izen zitekeen, baina irakaslea da, bai. Josu Gezeta da narratzailea, denok arruntak garen neurrian, tipo arrunta dena. Ehorzlea agertzen da bere bizitzako une batean, eta horrek istorio bat jartzen du martxan. Gezetaren bizitza hortik aurrera ez da hain arrunta izango; ordura arte beretzat fikziozkoak ziren errealitate batzuekin egingo du topo: desagertzen diren pertsonen gaiagaz, esaterako. Ildo horretatik doa liburuaren ardatzetako bat.

Intriga mantentzen du narrazioak.

Pozten naiz hori horrela bada. Ehorzlearen bitartez aurkitzen ditu misterio aire batek inguratzen dituen aspaldiko gertaera batzuk narratzaileak. Horiek argitzeko asmoz ekiten dio, baina istorioak aurrera egin ahala, bere ikuspegia ere aldatu egiten da. Istorioan, traman, aurrera egin ahala, inkognita gehiago sortzen dira, erantzunak aurkitu ahala, zalantza eta inkognita gehiago sortzen dira… Hori gertatzen da nobela bat idazterakoan, eta hori gertatzen zaio narratzaileari istorio honetan ere. 

Giro ilun samarra, beltza, dago liburuaren hasierako orrietan.

Bai, heriotza agertzen da, esaterako... Baina, aldi berean, gero, heriotza ez da erreala. Josu Gezeta protagonistak deskubritzen dituenak, gauza ilunak edo luzaroan ezkutatuta egondakoak dira. Pertsona guztiongan eta pertsonen arteko hartu-eman guztietan dago alde ilun bat. Alde ilun eta ezkutuko hori barik, bestalde, ez legoke ez zinemarik, ez literaturarik…

Zelan amaituko zen hasieratik eduki duzu pentsatuta?

Istorioa bera argi eduki dut buruan: hori zelan kontatzen duzun, eta zenbat elementu jartzen dituzun mahai gainean, horren arabera argiagoa edo ilunagoa izango da istorioa. Bizitzan gutxitan heltzen zara behin betiko ondorioetara; nobelan horrela gertazen zaio protagonistari ere: ikasten du zalantza horiekin bizi izaten. 

 

“Unai Iturriagak egindako azala da nobelaren sinopsirik onena”

Nobelaren trama ondoen laburbiltzen duena Unai Iturriaga durangarrak egindako azala dela azpimarratu du Zabarte zaldibartarrak: “Unairen azala da liburuaren sinopsirik onena”, esan digu. Hilerri bateko zuri-beltzeko irudi batekin osaturikoa da azala, eta hainbat aztarna ematen ei ditu tramaren misterioez. 

Tramari eta estiloari buruz, “nobela on batek, interesa sortzen duen trama bat eta tramaren kontakizuna ederra egingo duen estilo bat eduki behar ditu; biak behar ditu”, nabarmendu du Zabartek. Irakurleak gustuko izan dezan, gauza biak izan behar ditu, indartsu, erakargarri.

“Literaturaren historian tramak errepikatu egiten dira”, dio Zabartek: “Bizitzan inportanteak diren gauzetaz idatzi izan da beti; pertsonen arteko harremanez, norbere burua ezagutzeaz, sentimenduez…”

Orain lau urte idatzi eta gorde zuenean, inork ez zekiela hor istorio bat zegoela idatzita diosku egileak.Bere berbetan, baina, “behin argitaratzeko erabakia hartuta”, ahal den irakurle gehien batzea du helburu, eta horregatik  erabaki du Creative Commons lizentziapean argitaratzea. Susa argitaletxearen webgunean, liburuaren hamazazpi kapituluak osorik ipini ditu eskuratu eta irakurri gura dituenarentzat.

Lehenengo liburua kaleratuta, eskuartean beste zer proiektu darabilen galdetu diogu Gaizka Zabarteri. “Honekin batera idazten hasitako beste istorio bat ere hor daukat; hezurdura guztia osatua daukana”, erantzun digu, “baina horrek ez du esan nahi ez amaituko dudanik ez argitaratuko dudanik ere…”, zehaztu du. Nobela honetan aipatzen diren adarretako bati, harietako bati, egiten dio idazlan berri horretan erreferentzia. Desagertzearen ingurukoa da idazlan bietan gaia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!