3 milioi euroko zorra, eta zergak errentaren arabera igo guran

Anboto 2011ko urr. 11a, 08:40

Udalaren egoera eta gobernu taldearen asmoen berri eman dute herri-batzarrean. Gardentasuna eta parte-hartzea izango dituzte helburu

Udalaren egoera eta gobernu taldearen asmoen berri eman dute herri-batzarrean. Gardentasuna eta parte-hartzea izango dituzte helburu.

 

Joan zen zapatuan 210 lagun elkartu ziren Olazar pilotalekuan udalak deitutako herri-batzarrean. Jendeak emandako erantzunagaz “pozik” daude, Arantza Baigorri alkateak baloratu digunez. Parte-hartzea bultzatzea helburu izango du Bilduk gidatutako gobernu taldeak; herri-batzarrak hiru hilerik behin egingo dituzte, gutxi gora-behera, eta udaleko bilkura zein batzordeak beti irekiak izango dira, 19:00etan. Akta guztiak webgunean eskegiko dituzte.

 


Diru kontuei dagokienez, udalak 3 milioi euroko zorra dauka egun bankuekin maileguetan; “desfasea egon da eta ez da kontrolatu”, dio Baigorrik. Hurrengo urterako zergak igotzea aurreikusi dute –2006tik igo barik zeuden–, errentaren arabera erregulatuz: “gehiago daukanak gehiago ordainduko du”, diote. Udaleko hainbat beharginen lan-kontratuak berraztertuko dituzte, “irregulartasunak” ei daude-eta. Orain arte kontrol falta egon dela ere salatu dute; ez dute begi onez ikusten arkitektuak eta bere enpresak 411.000 euro kobratu izana lau urtetan. Arkitektu berri bat kontratatzeko lanetan dabiltza.

 


Bestalde, Carmen sampedro zinegotziak Hiri Antolamendurako Plan nagusia zehazteari ekingo diotela erantsi zuen.
Herri-batzarrean EAJ eta PPko kide bana ere egon ziren. EAJk esan du batzarra aurreko legealdia kritikatzeko soilik erabili zuela gobernu taldeak, eta honen aurrean, Baigorrik dio helburua “udala zelan dagoen eta zergatik kontatzea” zela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!