Talde politikoen diru-izendapena kendu egin gura du Bilduk

Anboto 2011ko urr. 6a, 09:14

Onartuz gero, zinegotzi bakoitzarentzako dietak bakarrik jasoko lituzkete

Onartuz gero, zinegotzi bakoitzarentzako dietak bakarrik jasoko lituzkete.

 

Berez joan zen asteko udalbatzarrerako aurreikusita bazegoen ere, azkenean hurrengo batzarren baten eztabaidatu beharko dute gobernu taldeak aurkeztutako proposamena, alderdien diru-izendapena kentzea zehazten duena. Tramite eta epeen arazoengatik atzeratu behar izan dute, azaldu digutenez, eta oraindino ez dakite noiz landu ahal izango duten, Arantza Baigorri alkateak jakin eragin duenaren arabera.

 

Bilduren egitasmoak aurrera egingo balu, zinegotziek euren dietak jasoko lituzkete bakarrik, alderdiei dagokiena kenduta. “Legeak, zinegotzi bakoitzaren soldataz aparte, talde bakoitzari gehigarri bat ematea ahalbidetzen du, eta horixe da kendu gura duguna”, adierazi digu Baigorrik.

 

PPren mozioa

Udalbatzar horretako gai-ordenetik beste bi puntu ere baztertu zituzten hasi aurretik: Bildu eta PPren mozio bana. PPk ETAren historia gaitzestea helburu duen mozioa erregistratu zuen uztailean, EAEko hainbat herritan egin zuen legez. Horren aurrean, PSE-EEk emendakina sartu zuen, eta Bilduk beste mozio bat prestatu zuen; “beste egoera batean gaude, eta PPrenak soilik zati bat hartzen du kontutan”, azaldu dute. Alkatearen ekimenez, guztiak ados jarri dira testu bateratu bat adosten saiatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!