Lau t’erdiko Olazar pilota txapelketako lehenengo jardunaldiak partidu gogor eta orekatuak utzi zituen Zaldibarko pilotalekuan.
Lehenengo partiduan Arrieta markinarrak 22-20 menderatu zuen Galarza galdakoztarra. Partidu luzea, gogorra eta fisikoki itogarria jokatu zuten bizkaitar biek. Neurketako zatirik handienean Galarza aurretik joan zen markagailuan, baina ekinaren ekinaz Arrietak buelta eman zion. Galartzak bost tanto egin zituen sakez eta Arrietak bi; biek falta bana egin zuten.
Partzialak (Galarza-Arrieta): 2-1, 6-3, 12,9, 15-13, 15-17, 17-17, 17-20, 19-21 eta 20-22
Bigarren partiduan Etxaniz gipuzkoarrak 22-18 irabazi zion Juanenea nafarrari. Juanenea indartsu hasi zen eta partidua erraz atera behar zuela zirudien. Hasiran min handia egin zuen eskuin boleaz eta botiboleaz (1-9). Baina partiduak aurrera egin ahala Etxanizek neurria hartu zion eta partidua orekatzea lortu zuen (14-14, 18-18). Partiduaren azken txanpan Etxanizek erabaki zuzenagoak hartu zituen eta horrek eman zion garaipena. Pilotari biek seina tanto egin zituzten sakez. Aipatu beharra dago Etxanizek Olaetxearen ordez jokatu zuela, azken horrek eskuko mina zuelako.
Partzialak (Etxaniz-Juanenea): 1-9, 6-11, 9-13, 14-14, 18-18 eta 22-18
Gipuzkoarren arteko atzoko azken lehian Jauregik 22-15 kanporatu zuen Arribillaga. Jauregik alde nabarmena hartu zuen hasieran (8-1). Partidu erdi aldera beherakada izan zuen eta Arribillagak oreka ezarri zuen markagailuan. Jauregi sasoiz errekuperatu zen eta erremate polit batzuekin hurrengo faserako txartela segurtatu zuen. Irabazleak bost tanto egin zituen sakez eta Arribillagak hiru.
Partzialak (Jauregi-Arribillaga): 8-1, 9-9, 12-9, 14-14, 19-15 eta 22-15