Barikuan hasi eta irailaren 16ra arte eman daiteke izena ekimenean; 30 euro ordaindu eta ordainagiria udaletxean aurkeztu behar dute interesdunek.
Urriaren 15ean hasiko da Zapatublai ekimenaren aurtengo ikasturteko edizioa, eta ekainera arte hamabostean behin elkartuko dira izena ematen duten umeak. Horretarako, apuntatzeko, zabaldu dute epea; irailaren 16a da azkeneko eguna. Udaleko kontu korrontean 30 euro sartu behar dituzte gurasoek; ondoren, ordainagiria eroan behar dute udaletxera formularioagaz batera.
Zapatublairen helburu nagusia euskararen erabilera ziurtatzea eta indartzea da, aisialdia horretarako erabiliz. Horregaz batera, “lagun arteko giro jatorrean” hezi, natura errespetatzen ikasi eta ingurunea ezagutu eta ondo pasatzeko asmoak zehaztu dituzte antolatzaileek.
10 haurreko taldeak
Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. zikloetako ikasleek parte hartu dezakete Zapatublain. Unibertsitate tituludun edo esperientziadun begiraleek eta koordinatzaile batek osatuko dute lan-taldea; umeak 10 laguneko taldeetan banatuko dituzte, adinaren arabera.
Zapatu arratsaldeetan, hamabostean behin, garatuko da ekimena, arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara.