Egunotan ingurua atontzen dabiltza, aurrefabrikatutako modulu bat -lau urtez erabili barik egondakoa- lekualdatu eta Haurreskolarako erabiltzeko.
Zaldibarko hezkuntza eremuak zeresana eman zuen joan zen ikasturtean, eskolako zein Haurreskolako guraso elkarteek kexak agertu zituztelako eraikinen baldintzen inguruan. Maisuen Etxea zena “zatika erortzen” zebilela zioten eskolakoek, eta kezkatuta zeuden euren umeak “arriskuan” zeudelako. Haurreskolakoek jolastokiaren egoera, hezetasunak eta instalazio elektrikoak ipini zituzten arrazoi moduan. Maisuen Etxearen kasuan, arazoa urteetan luzatu dela salatu zuten gurasoek.
Horren aurrean, martxoan udalak aurrekontuetan onartu zuen hobekuntza zein eraiste-lanak udan egitea, 181.000 euro bideratuz. Zehaztutako moduan, abuztuko lehenengo astean bota zuten Maisuen etxea; herriko eragile batzuen elkargune ere izan da azken urteetan. Alboko Zumeagatarren etxea legez ezagutzen zena ere eraitsi dute, alkateak adierazi digunez.
Egunotan ingurua atontzen dabiltza, aurrefabrikatutako modulu bat -lau urtez erabili barik egondakoa- lekualdatu eta Haurreskolarako erabiltzeko. Modulu hau urtarrilerako izan gura dute prest, Partzuergoari baimena eskatu eta zabaltzeko. Alkateak dioenez, “beharrezkoa da Haurreskolako zerbitzua zabaltzea, Zaldibar hazten dabilelako”.