Udako sanandresak igarota, auzorik auzo doa jaia

Anboto 2011ko uzt. 15a, 08:48

Santa Marineko jaiak hasiko dira gaur Goierrin, arratsaldeko 18:00etan

Santa Marineko jaiak hasiko dira gaur Goierrin, arratsaldeko 18:00etan.

 

Joan berri dira Udako Sanandresak, baina jai-giroak aurrera jarraituko du Zaldibarren. Izan ere, beste hainbat herritan legez, udagaz batera auzoetako jaiak ere heldu dira; Goierri eta Gazaga auzoen txanda dator orain.

 

Gozategi, Disorders eta Bizardunak lako taldeek berotu dituzte gauak, eta egunez herriko talde eta elkarteen ekintzek indarra izan dute Sanandresetan. Dena dela, asteburu honetan bada oraindik ekimenik: bihar mendi ibilaldi neurtua egingo dute, eta domekan argazki digitalen emanaldia eta sari-banaketa, 12:30ean.

 

Santa Marina
Gaur arratsaldean, 18:00etan, jaurtiko dute txapligua, baita Donien-atxa altxatu ere. 20:00etarako sardina-jana antolatu dute eta gauean V. Goierri Rock Festibala izango da, bolo-jokoa eta erromariaz gainera.

 

Bihar, bakailao eta paella txapelketan elkartuko dira auzotarrak, goizetik. Arratsaldean, esaterako, umeentzako jolasak eratuko dituzte, eta erromeriagaz amaituko dute eguna. Domekan auzoko nagusiak omenduko dituzte, 13:00etan.

 

Astelehenean, Santa Marina egunagaz amaituko dituzte jaiak Goierrin. Meza ondoren salda banatuko dute, eta iluntzean marmitakoa jango dute.

 

Gazagan Santiago eta Santa Anaren bueltan egingo dute jaia, uztailaren 25ean eta 26an, ermitan bertan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!