Martitzenean hasi ziren San Pedro jaiak; bihar eta etzi goizetik gauerako egitaraua dute.
Martitzen iluntzean, San Pedro bezperan, altxatu zuten donien-atxa Zaldibarko Eitzaga auzoan. Eguaztenean patroiaren eguna ospatu zuten, meza eta jubilatuentzako afariagaz. Jaia, edozelan ere, ez zen amaitu; bihar eta etzi jarraituko du egitarauak txapelketa, bazkari eta abarrekin.
Bihar 12:30ean paella eta tortilla txapelketei ekingo diete, eta 14:00etan aurkeztuko dituzte jakiak; ondoren, herri-bazkarian elkartuko dira. Arratsaldean, 18:00etan bolo-jokoan ariko dira, eta 19:00etan lehiara pasatuko dira: lehenengo seirek jasoko dute saria; auzoko onenarentzat garaikurra ere egongo da. 21:00etako afariagaz amaituko dute eguna.
Dantzak eta asto-probak
Domekan meza ospatuko dute 12:00etan, eta irtetzerako prest izango dute luntxa. 13:45ean Euskal Dantzak eskainiko ditu Ermuko Txindurri taldeak. 18:00etan asto-proben txanda izango da, eta otzararen zozketa egin ondoren amaituko dute jaia.