Hilaren 12an izango da, eta, mendira joateaz gainera, upeltegi bat ere bisitatuko dute.
Zaldua mendi taldeak irteera berri bat prestatu du ekainaren 12rako. Mendi ibilbide bat osatzeko aukera emango dute irteera horretan, eta baita gastronomian sakontzekoa ere. Nafarroako Ziritza eta Lakar herriak batuko ditu ekimenak, eta bertan parte hartu gura duenak hilaren 8a baino lehenago eman beharko du izena Elisa ileak ileapaindegian.
Goizeko 07:30ean elkartuko dira Zaldibarko udaletxe aurrean, eta autobusez joango dira Iruñeraino. Han, mendira joan gura ez duenak goiz pasa egiteko aukera edukiko du; mendizaleek autobusean jarraituko dute Ziritza herriraino. Ibiltzen hasi eta Etxauri mendian (1.138 m) egingo dute tontorra; hamaiketakoa egiteko aprobetxatuko dute, antolatzaileek diotenez. Gailurretik jaitsi eta Lakar herrira hurreratuko dira. Lau ordu inguruko ibilaldiaren ondoren, herri horretan batuko dira Iruñean geratutakoekin.
Upeltegira
Upeltegi batean bazkalduko dute gero, eta arratsaldean ardoa zelan ekoizten den ere ikusiko dute.
Irteerarako, bazkideek 37 euro ordaindu beharko dituzte, eta bazkide ez direnek 42.