2,6 milioi euroko aurrekontua onartu du udalak

Anboto 2011ko mar. 28a, 12:39

EAJ, PSE-EE eta Independenteen aldeko botoagaz onetsi dute 2011rako aurrekontua. EA aurka azaldu zen. Iazkoagaz alderatuta, beherakada nabarmena izan du, batez ere inbertsioetan. \"Krisi egoerak\" bultzatuta, 192.000 euro inbertituko dituzte aurten.

EAJ, PSE-EE eta Independenteen aldeko botoagaz onetsi dute 2011rako aurrekontua. EA aurka azaldu zen. Iazkoagaz alderatuta, beherakada nabarmena izan du, batez ere inbertsioetan. \"Krisi egoerak\" bultzatuta, 192.000 euro inbertituko dituzte aurten. Barikuan egindako udalbatzarrean onartu zuten 2011rako udal aurrekontua. 2,6 milioi euro barneratzen ditu guztira, eta inbertsioetarako 192.000 aurreikusi dituzte. Kopuru honen zati handiena, 181.000 euro, Haurreskolako lanetara bideratuko dute. Aurrekontuak beherakada nabarmena izan du 2010etik. Izan ere, iazkoak 4,2 milioi euro izan zituen, eta inbertsioetan 1,7 milioi sartu zituzten. Igor Barrenetxea-Arandok aipatu zuenez, \"krisiak, gainerako administrazio gehienetan moduan, Zaldibarren ere eragina izan du\". Egoera horrek bultzatuta hartu dute aurrekontua murrizteko erabakia. Inbertsioen atalean igarri da gehienbat murrizketa; gastuetan, diru-laguntza batzuk ere jaitsi dituztela azaldu zuen EAJko zinegotziak. Gainera, Espainiako gobernuak onartutako funtzionarioen soldaten gaineko beherapena ere aplikatu dute.

EAren ezezkoa

EAko Carmen Sanpedrok murrizketa hori logikoa dela adierazi zuen, egoera ekonomikoa \"larria delako eta ezin delako inbertsiorik egin\". Baina udalak bizi duen egoera \"aurreko lau urteetako kudeaketa ekonomiko txarraren ondorio\" dela salatu zuen. Udaletxea berrizteko erabili den dirua beste proiektu batzuetan inbertitu behar litzatekeela azaldu zuen. Gainera, \"lau urteotan EAk sarritan aldarrikatutako\" kultur etxearen egitasmoa eta hezkuntza eremuaren zein alde zaharraren eraberritzeak ez direla kontutan hartu esan zuen. Guztiagaz, proposamenari kontrako botoa eman zion EAk. Sampedrori erantzunez Barrenetxea-Arandok egin zuen berba ostera ere. Alde batetik, kritikatu zuen EAk ez duela batzordeetan proposamenik egin; bestetik, inbertsioak egitean analisi sakonagoa egin eta koherentzia eta logika erabili behar direla gaineratu zuen. PSE-EEk eta Independenteetako zinegotziak aurrekontu proposamena babestu zuten; Javier Tera sozialistak \"une honetan tokatzen dena\" dela adierazi zuen, eta aurrerantzean gobernatzen duenak ere \"zorrotz\" jokatu beharko duela. Independenteetako Benito Pacoren iritziz, \"egoerara egokitu behar dugu\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!