Idoia Mendiolagarai: "Ekainean hasiko dira Maisuen Etxea eraisten eta ingurua egokitzen"

Anboto 2011ko ots. 4a, 14:26

Tramite guztiak eginda daudela, baina lanek hile bi eta erdi iraungo dutenez, ezin direla edonoiz egin argitu du Zaldibarko alkateak: \"Ikasleak oporretan daudenean gauzatuko da proiektua\". Idoia Mendiolagarai alkateak eta Nerea Garitagoitia alkateordeak (EAJren partetik udal hauteskundeetarako alkategaia ere bada) Maisuen Etxeari eta haurreskolari buruz aspaldian haizatu diren salaketak argitzeko prentsaurrekoa eskaini dute gaur (otsailak 4). Maisuen Etxea \"zaharkituta\" dagoela onartu dute, baina \"ez da botako erortzeko zorian dagoelako, ez baitago egoera horretan, ordenaziotik kanpora dagoelako baino\". Maisuen Etxea botatzeko eta inguru hori atontzeko proiektua urtarrilaren 20an onartu zuten Udalean (181.000 euroko proiektua) eta tramite guztiak amaituta daude: \"Proiektu hauek ez ezin dira egun batetik bestera egin, denbora eskatzen dute, gauza asko hartu behar direlako kontutan. Gainera, ezin dira edonoiz burutu, ikasleak ikastetxean daudelako\". Hile bi eta erdiko epea duen proiektua denez, \"asmoa lanak ekainean, gazteek oporrak hartzen dituztenean, hastea eta kurtso berrirako amaituta egotea da\". Haurreskolari buruz Bestalde, Zalduzubietako haur eskolako gurasoen elkarteak 667 sinadura batu eta aurkeztu ditu udaletxean udal agintariekin batzartzeko asmoz. Mendiolagaraik onartu du \"beharbada komunikazio falta\" egon dela, \"baina horrek ez du esan gura gauzak egin ez direnik\". Haurreskola 2006an atondu zen Partzuergoaren onarpenagaz eta \"harrezkero sortu diren arazo gehienak mantenimenduari zegozkion arazoak izan dira\". Arazo horien \"gainean\" egon direla eta \"sortu diren heinean konpontzen\" saiatu direla adierazi dute. Beste arazo batzuk, ordea, ezin dira edonoiz konpondu: \"Horiek umeak haurreskolan ez daudenean egin behar dira, abuztuan, esaterako\". Jolastokiko zoru indargetzailea aldatuko dutela adierazi gaude: \"Dagoeneko horretan gaude, aurrekontuak-eta eskatzen\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!