Gurasoak kezkatuta daude Maisuen Etxearen egoeragatik

Anboto 2011ko ots. 4a, 10:22

Zaldibarko Herri Ikastetxeko guraso elkarteak \"kezka larria\" adierazi du ohar bidez. Dioenez, jolastokian dagoen Maisuen Etxea \"zaharkiturik\" dago, eta azken boladan eraikin zatiak jausten hasi dira.

Zaldibarko Herri Ikastetxeko guraso elkarteak \"kezka larria\" adierazi du ohar bidez. Dioenez, jolastokian dagoen Maisuen Etxea \"zaharkiturik\" dago, eta azken boladan eraikin zatiak jausten hasi dira. Umeei gertatu dakiekeenaren beldur dira; \"benetako arriskua dago Zaldibarko eskoletan, eta ez digute kasurik egiten\", diote. \"Berandu izan baino lehenago\" neurriak hartzeko eskatu dute gurasoek. Maisuen Etxea botatzeko proiektua ez dela bete salatu dute: \"Urteak daroatzagu udalagaz berba egiten, eta urte asko daroate etxea botatzeko proiektuagaz, baina hasieran ez ei zuen lehentasunik eta orain ez ei dago dirurik\", salatu dute. Kexu dira irailetik udalak ez duelako eurekin hartu-emanik izan. Udalak jakitera eman duenez, urtarrilaren 20an jolastokia handitzeko proiektua onartu zuen gobernu batzordeak. Maisuaren Etxea saneatu egingo dute orain. \"Arriskua ekidin gura dugu\", azaldu dute. Obrak ekainetik irailera egingo dituzte, Jaurlaritzaren 101.000 euroko diru-laguntzagaz. Bertan zeuden elkarteei beste leku bat topatu eta eraikina botatzea litzateke asmoa, gaineratu dutenez. \"Eskolako ume kopurua kontuan hartuta jolastokiak ez ditu neurriak betetzen\", udalaren berbetan.

Haurreskola

Zalduzubieta haur eskolako gurasoen elkarteak, bere aldetik, 667 sinadura batu ditu gabon bueltan hasitako kanpainan, udal agintariekin batzartzeko aukera izatea aldarrikatzeko asmoz. Martitzenean erregistratu zituzten sinadurok udaletxean; kanpaina amaituta, balorazio \"oso ona\" egin dute. Euren kezkei –jolastokiaren egoera, hezetasuna eta instalazio elektrikoak, besteak beste– \"entzungor\" egitea leporatu zion elkarteak udalari. Azaroan batzarra eskatu eta erantzunik oraindik ez dietela eman diote. Sinadurekin, \"15 eguneko epean batzarra egitea\" eskatu dute; bestela, \"orain arteko bidetik jarraituko\" dute. Hala ere, udalagaz batzeko \"esperantzaz\" daudela diote.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!