Zalduzubieta Haur eskolako gurasoek udalaren jarrera kritikatu dute. Patioaren eta instalazio elektrikoen egoera edota hezetasuna aipatu dituzte euren kezkaren sorburu legez.
Zalduzubieta Haur eskolako gurasoek udalaren jarrera kritikatu dute. Patioaren eta instalazio elektrikoen egoera edota hezetasuna aipatu dituzte euren kezkaren sorburu legez.
Bost urte dira eskola hau zabaldu zenetik, eta guraso elkarteak adierazi duenez, ordutik eraikinaren \"desegokitasunak\" agerian utzi zituzten \"guraso zein hezitzaileek\". Udalak obrak ez egiteko aitzakiak erabili dituela salatu dute: \"aurrekontuetan ez dagoela dirurik, obrak eginez gero Haur eskola barrakoietara pasa beharko litzatekela...\".
Denbora igarota, euren kezka udal arduradunei helarazi gura izan diete. Batzar bat egiteko eskatu baina ez dietela erantzunik eman diote, eta horregatik \"zaldibartarren laguntza\" eskatu dute. Oharrean diotenez, \"udalaren utzikeria eta arduragabekeria salatu nahi dugu; lotsagarria da hain ume txikiak dabiltzan leku bateko instalazioak hain egoera kaskarrean egotea eta guraso eta hezitzaileek behin eta berriz egindako eskaerei entzungor egitea\".
Sinadura bilketa ipini dute martxan egunotan. Denda eta tabernetan emango dute sinatzeko aukera, zabaldu dutenez.