Sidahmed Mohamed Ahmed: "Espainiak zor historikoa dauka saharar herriarekin"

Anboto 2010ko aza. 26a, 09:27

Tindufeko kanpamenduetan hazi da Sidahmed. Saharako lurralde okupatua ezagutzen ez duen arren, bere herria bertara noiz bueltatuko zain dago. Itxaronaldia hamarkada askoan luzatu da, baina. Aaiunen bizi duten egoeraren aurrean, gerrarako oihuak geroago eta ozenagoak direla azaldu digu Zaldibarren bizi den sahararrak.

Sidahmed Mohamed Ahmed - Sahararra da (22 urte) Tindufeko kanpamenduetan hazi da Sidahmed. Saharako lurralde okupatua ezagutzen ez duen arren, bere herria bertara noiz bueltatuko zain dago. Itxaronaldia hamarkada askoan luzatu da, baina. Aaiunen bizi duten egoeraren aurrean, gerrarako oihuak geroago eta ozenagoak direla azaldu digu Zaldibarren bizi den sahararrak. Osasun arazoengatik etorri zinen Euskal Herrira. Oporrak bakean kanpainaren barruan uda pasatzera etorri nintzen, 10 urtegaz. Medikuarengana joan eta arnasketa arazoak neuzkala konturatu ziren. Berrizko familia bategaz gelditu nintzen, hiru urtez, osatu arte. Ondoren, kanpamenduetara itzuli nintzen. Aaiunetik zer albiste heltzen zaizu? Sahara okupatuan ez dut familiarik, baina lagunek esaten dutenez, egoera oso nahasia da. Arratsaldeko seirak arte ezin zaitezke etxetik irten, bestela kartzelara eroaten zaituzte. Jendeak bere eskubideak aldarrikatzea gura zuen, baina poliziak ez du gura. Kazetarienganako jarrerari zer deritzozu? Kazetariei ez diete sartzen uzten. Marokori une honetan galdetzen badiozu, dena ondo dagoela esango dute. Ezer ez badabil pasatzen, utzi diezaietela kazetariei bertan sartzen, zer gertatzen ari den ikusteko. Kazetarien babesa daukagu gertatzen dabilena kontatzeko. Gerrara joateko arriskua dagoela diote batzuek. Egoera laister konpontzea itxaroten dut. Sahararren pazientziak bere muga daukalako. Jendeak armak hartu ditzake. Inork ez du egoera horretara heltzerik gura, baina ez badago beste erremediorik... Sahara gurea da; ez Marokorena. Herrialde guztiek badakite gurea dela. Bakea gura dugu, ez gerrarik. Gure eskubideak ez dituzte errespetatzen. Kanpamenduetan dauden gazteek presidenteari gerra gura dutela erreklamatzen diote. Jendea hiltzen dabil Aaiunen, zentzurik barik. Nazioarteak zer jarrera erakusten duela deritzozu? Marokok bere helburuak dauzka. Espainiak, Frantziak, AEBk eta Europar Batasunak babesten dute. Gu eta Aljeria bakar-bakarrik gaude. Espainiako gobernuaren jarreraz zer iritzi daukazu? Espainiako gobernua ez dabil ezer egiten. Egoera lasaitu guran dabil, eta ez deritzot ondo. Espainia auziaren lehenengo eta azken erruduna da. Saharara negozioak egitera sartu zen, eta Maroko eta Mauritaniaren artean saldu zuten. Saharari asko zor dio. Marokok orain boterea daukanez, ez du hortik irten gura. Petrolioa, arrantza eta denetarik dauka. Espainiak asko egin behar du sahararrak euren lurrera itzultzeko. Espainiak ezkutatzeko asko du gai honetan. Gure itxaropena da egunen batean ulertzea Sahara ez dela Marokorentzat, gurea dela eta azken odol tanta galdu arte borrokatuko dugula gure helburuaren alde: gure lurra. Maroko zertan dabilela deritzozu? Maroko ahalegintzen dabil inor ez dadin bere jokoan sartu. Marokoar herria saharar herriagaz batu gura dutela diote. Nik uste dut guk ez dugula Marokogaz batu gura. Guk gure herrialdea gura dugu. Eurek badaukate euren herrialdea. Lehenago edo geroago gure herria berreskuratuko dugu. Batzarrak egiten dituzten bakoitzean, ez gara akordio batera heltzen. Sahara ez da marokoarra. Hori ez du inork aldatuko. Lurralde okupatuan izan zara inoiz? Ez, Tindufeko kanpamenduetan, Aljerian bizi izan naiz. Pobrezia handia dago eta egoera konplikatua da. Ur edangarri gutxi dago. Itxaroten gaude, egunen batean gure herrira itzultzeko.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!