Ordenantza fiskalak igo ez eta hainbat hobari gehitu dizkiote

Anboto 2010ko urr. 27a, 09:51

EAJk tasak eta zergak bere horretan mantentzen dituen proposamena aurkeztu eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zituzten 2011ko ordenantza fiskalak. PP abstenitu egin zen eta Talde Mistoak eta Aralarrek kontra bozkatu zuten.

EAJk tasak eta zergak bere horretan mantentzen dituen proposamena aurkeztu eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zituzten 2011ko ordenantza fiskalak. PP abstenitu egin zen eta Talde Mistoak eta Aralarrek kontra bozkatu zuten. Guztira 30 emendakin jaso dituzte ordenantza fiskalek. PSE-EEren 14etatik sei onartu zituzten; Aralarren bostetik bi eta PPren 12tik bat. Talde Mistoak osotasunezko emendakin bat aurkeztu zuen, atzera bota zutena. Martitzeneko (urriak 26) udalbatzarrean EAJk azaldu zuenez, "krisi ekonomikoak eskualdea gogor jo duelako" proposatu zuen tasak eta zergak bere horretan mantentzea. Aralarrek proposatu eta udbalbatzarrak onartutako emendakin biak nekazaritza arlokoak dira. Hain zuzen, nekazaritza edo abeltzaintza bere jarduera nagusia dutenek %60ko hobaria izango dute ondasun higiezinen zergan eta %80koa eraikuntza, azpiegitura eta obren zergan. Hala ere, Aralar ez zen zergak eta tasak izoztearen alde agertu eta KPIaren araberako igoera proposatu zuen (%2). Salbuespenak logiko ikusten ditu Dani Maeztu zinegotziak (jarduera ekonomikoaren gaineko tasak, esaterako), baina ez du loturarik ikusten krisiaren ondorioz familia batzuek duten egoeraren eta tasak eta zergak ez igotzearen artean. Kasu askotan "tasetan jasotzen ez dena aurrekontuetatik atera behar da eta hura ere herritarrengandik jasotako dirua da". PSE-EEk aurkeztutako 14 emendakinetatik sei onartu zituzten. Emendakinetatik gehienek komertzio txikiari laguntzeko hobariak proposatzen zituzten. Talde Mistoak, iaz egin legez, osatasunezko emendakin bakarra aurkeztu zuen, arrazoi birengatik. Batetik, "ordenantza fiskalen eta aurrekontuen gaineko eztabaidak batera" eman behar direla azaldu zuen Ritxar Alberdi zinegotziak. Bestetik, "gehien duenek gehiago ordaindu behar duela dioen irizpidearekin alde gaude eta zirriborro honek ez du hori islatzen". Beraz, "guretzat oso garrantzitsuak diren puntu bi horiek aintzat hartzen ez diren bitartean, iaz egin moduan, hurrengo urtekoetan ere osotasunezko emendakin horixe aurkeztuko dugu". PPk krisiaren ondorioz gehien pairatzen duten norbanako eta kolektiboei bideratutako hobariak aurkeztu zituela azaldu zuen Cristina Ibarrola zinegotziak eta horietatik bakarra onartu izana salatu zuen. PPren emendakinek familia ugariei, langabeei eta errenta baxukoei laguntzea zuten helburu, "krisia gehien pairatzen dutenak direlako".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!