Disorders kanta berriak zuzenean jo eta ezagutarazteko gogotsu

Anboto 2010ko abu. 26a, 09:47

\'Hitzak\' izenagaz abuztuan kaleratu duten diskoan jaso dituzten kantak zuzenean aurkezteko egingo duten biraren hasiera, irailaren 3an, Zaldibarko Gaztetxean daukate bost musikariek.

Euren herrian, Zaldibarren, eta euren berbetan, \"gure jendearen aurrean\", aurkeztuko du Disorders taldeak bigarren diskoa. \'Hitzak\' izenagaz abuztuan kaleratu duten diskoan jaso dituzten kantak zuzenean aurkezteko egingo duten biraren hasiera, irailaren 3an, Zaldibarko Gaztetxean daukate bost musikariek. Taldekide bigaz batu gara, Zaldibarren daukaten entsegu lokalean. Zenbat ale plazaratu dituzue? Mila kopia atera ditugu; asko, egia esan. Aurreko diskoagaz, lehenengo 500 atera genituen, eta denak saldu zirenez gero beste horrenbeste. Oraingoan, pentsaturik garestiagoa dela bi tiradatan kaleratzea, hasieratik 1.000 egitea erabaki dugu. Aurrekoan 700 disko inguru saldu genituen. Asko. Zortzi urte, bigarren diskoa, eta taldekide berberak. Zelan lortu duzue irautea? Horretan, egia esan, zorte oso handia eduki dugu: Zaldibar herri txikia da, eta denok inguru berean mugitzen gara. Sekula ez dugu ezelako arazorik izan, beti egin dugu aurrera, eta horrela daramatzagu elkarregaz zortzi urte. \'Hitzak\' izena dauka diskoak. Berbek pisu handiagoa daukate disko berrian? Beti eman diegu garrantzia handia letrei, gure mezua berben bitartez zabaltzen dugulako, nahiz eta musikak ere trasmititzen dituen ideiak. Hitzak diskoko kanta baten izena da berez, baina diskoaren izenerako aproposa iruditu zitzaigun, eta horrela ipini genion. Eta zer dio \'Hitzak\'? Zentsurari buruz egiten dugu batez ere berba: komunikabideetan, musikan... Hainbat esparrutan bizi dugun zentsurari buruzkoa da. Kanta nahiko bizkorra da. Zelakoak dira hamar kanta berriak doinuei dagokionez? Denetarik dago; batzuk lasaiagoak, beste batzuk bizkorragoak, batzuk rock & rolleroagoak, beste batzuk hardcoreagoak... Ez gara estilo zehatz batera mugatzen. \'Hitzak\' diskoko kantak sortzeko, kontzerturik eskaini barik egon zarete hilabeteetan... Bai, kanta bi kenduta —aurretik sortuak genituen—, beste kantak abendutik hona sortu ditugu. Abenduan utzi genituen kontzertuak, eta diskorako kantak sortu eta grabatzeari ekin diogu buru-belarri. Lehenengo aldia izan da horrela egin duguna lan: orain arte egin dugunik landuena da. Zerk bultzatu zaituzte bigarren diskoa grabatzera? Kanta berriak sortzeko modua izan da, gure burua berritzeko modua... Urte askoan egon gara kontzertuetan kanta berak eskaintzen, eta gogoa geneukan gauza berriak sortzeko. Gaitza egin zaizue kontzerturik eskaini barik egotea? Apur bat bai, egia esan: eskaintza asko egin dizkigute, eta ezetz esan behar izan dugu. Baina disko berrian gura izan dugu kontzentratu hilabeteotan. Astean hiru bider batu gara entseguetara, asko landu ditugu kantak. Diskoa Zaldibarren aurkeztea berezia izango da, nahiz eta askotan jo duzuen herrian... Dozena bat kontzertu eskaini ditugu Zaldibarren; gure lehenengo kontzertua gaztetxe zaharrean eskaini genuen, frontoian ere jo izan dugu... Baina beti da berezia herrian jotzea, eta horregatik, gure jendearentzat egin gura izan dugu diskoaren aurkezpena. Entsegu lokalean zenbat talde elkartzen zarete gaur egun? Orain hiru-lau urte baino talde gutxiago dago gaur egun: Ostikada taldeak eta geuk erabiltzen dugu lokala azken aldian. Lehen entsegurako ordu libre bat topatzea gaitza izaten zen, baina orain talde gutxiago dabil. Lokalaren goiko solairua laga digu udalak orain, eta bigarren lokal moduan erabiltzeko prestatzen gabiltza. Punka eta txalaparta uztartzen dituzue disko honetan ere? Aurreko diskoan egin genuen arren, txalaparta hain erritmikoa izanda, zaila da uztarketa hori egitea... Disko honetarako ezin izan dugu azkenean txalapartarik sartu. Zaldibarko kontzertuan, baina, itxaroten dugu txalapartarien kolaborazioa izatea. Zelan gogoratzen dituzue 16 urtegaz lokalean batu eta instrumentuak lehenengoz esku artean hartu zenituzten garaiak? Jende asko ibiltzen zen hemen, eta beti zegoen lokalean bere instrumentua probatzen uzten zizun norbait. Eta horrela, elkarregaz hasi ginen bakoitza bere instrumentua ezagutzen, bertsioak egiten lehenengo, eta gure kantak sortzen ondoren.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!