Berdintasunerako Komunikazio Ordenantza onartu dute Udalean

Anboto 2010ko uzt. 9a, 12:23

Ordenantza datorren ostiralean sartuko da indarrean eta, horrela, berdintasunean oinarritutako komunikazioa bultzatuko dute Udalak igortzen dituen dokumentu eta irudi guztietan.

Zaldibarko Udalak berditasunerako komunikazio eta hizkuntzaren ordenantza onartu zuen, aho batez, azken udalbatzarrean. Arantxa Nuñez, Zaldibarko berdintasun teknikariak dioenez, \"berrikuntza da berdintasunerako Zaldibarko ordenantza hau; eskualdean ez dago era honetako ordenantza askorik\". Ordenantza datorren ostiralean sartuko da indarrean eta, horrela, berdintasunean oinarritutako komunikazioa bultzatuko dute Udalak igortzen dituen dokumentu eta irudi guztietan. Esate baterako, jaietako progamazioan, karteletan, bandoetan, errotulazioan edo webgunean. Gaztelerazko testu idatzietan hitz orokorrak erabiliko dira generoa markatzen dutenak erabili beharrean. Izan ere, Arantxa Núñez Berdintasun teknikariak dioenez, \"hizkuntza ez da sexista; erabilera da sexista. Beraz, hizkuntza aldaketarako tresna da\". Bestalde, ez dute sexuen araberako estereotipoak islatzen duten irudirik erabiliko. Horrela, ordenantzan jasotzen denez, emakume eta gizonen rol tradizionalak ahultzen lagunduko dute, eta gizartearen aniztasuna indartzen. Arantxa Nuñez Berdintasun teknikariak adierazi duenez, \"beharrezkoa da ildo batzuk ezartzea dokumentuak orokorrean oso maskulinizatuak egoten direlako\". Berdintasun Sailetik udaleko beharginek erabiltzeko gida egingo dute, eta irailean bi kurtso emango dituzte; bat politikoei zuzendutakoa da eta bestea teknikariei eta administrazioko beharginei. Nuñezek azaldu duenez, \"udalak eredu izan gura du berdintasuna oinarri hartzen duen komunikazio eta hizkuntzaren erabileran, jendea sentsibilizatu eta berdintasunaren alde egiten dugun lana erakusgarri egin\". Bestalde, oposaketetan%5 baloratuko da hizkuntzaren erabilera inklusiboa eta ez sexista.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!