Iritzi kontrajarriak lauburuaren ezabaketa dela-eta

Anboto 2010ko eka. 18a, 10:32

Solabarria udal futbol zelaiko lauburua kendu dute, eta \"astakeria\" honen aurrean Ezker Abertzaleak kontzentrazioa egingo du zapatuan.

Solabarria udal futbol zelaiko lauburua kendu dute, eta \"astakeria\" honen aurrean Ezker Abertzaleak kontzentrazioa egingo du, \"desadostasuna adierazteko\", zapatuan udaletxe aurrean, Lauburua bai, Euskal Herria bai lelopean. Idoia Mendiolagarai Zaldibarko alkateak adierazi duenez, \"niri Solobarriako lauburuak ez zidan trabarik egiten, baina ezabatzeko erabakia hartu dut kalean komentario eta kritikak zebiltzalako; ikur nazionalistatzat jotzen zuten, eta polemikagaz bukatzeko\". Gainera, \"hobeto ikusten dut udal armarria ipintzea\". Futbol zelaia \"denona\" dela eta herrian denetariko ikuspuntuak daudela adierazi du alkateak, eta hori \"errespetatu\" behar dela. Ezker Abertzaleak \"neurri faxistatzat jo du\", eta, adierazi duenez, \"PSOEk eskatuta\" kendu dute lauburua. Alkateak gezurtatu egin du hori horrela denik. Ezker Abertzaleak lauburua alkatearen aginduz ezabatu dela badio ere, \"eskutik PNV, PSOE eta GI doazela\" dio: \"PSOEk geroago eta itsutuago dihardu Euskal Herria espainolizatu guran, berdin zaio euskara, eguraldiaren mapa, eta edozein egunetan txapela\". Gainera, \"lana badutela\" adierazi du Ezker Abertzaleak herrian lauburu bat baino gehiago dagoelako. Idoia Mendiolagarai Zaldibarko alkateak adierazi duenez, \"beste lauburuak dauden lekuan geratuko dira\". 2008ko urrian inauguratu zen Solabarria zelaia eta Kirol elkarteak eskatuta Zaldua Kiroel Elkartearen ikurra eta izenagaz batera lauburu bat margotu zuten.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!