Aurrekontuak onartu dira aldeko zortzi botu eta kontrako hirurekin.

Anboto 2010ko mai. 28a, 15:04

Alde EAJ, PSE-EEk eta independienteak bozkatu dute, kontra berriz, EAk.

Gaur Zaldibarko ohiko bilkuran 2010eko aurrekontuak onartu dituzte aldeko zortzi botu eta kontrako hirurekin. Alde EAJ, PSE-EEk eta independienteak bozkatu dute, kontra berriz, EAk. Zaldibarko Udalak 4.214.232 euroko aurrekontua izango du. Idoia Mendiolagarai alkateak azaldu duenez, aurrekontua iaz baino %2 gehiago da gastu arruntak gutxitu ditugulako\". Inbertsioetara 1.747.225 euroko diru atala bideratuko da. Inbertsio handienak, alkateak azaldu duenez, \"Bilbo etorbidean urbanizazioa berriztatzeko, hau da, espaloi berria ipini, saneamendua egin, bide bakarreko ibilbidea eta aparkalekuak alde batean ipintzea... 200.000 euroko diru atala bideratuko dugu. Bestalde,industrialderako azken fasea egiteko azterketa egin eta lanak hasteko 135.000 euro bideratuko da\". Gastuei dagokionez, gastu soziala berdin mantentzen dela aipatu du alkateak, 162.385 euro. EAk kontrako botua eman du, \"guretzat garrantzitsuak diren proiektuak aurrekontuan sartu ez direlako, Zaldua plazako konponketa edo herriarentzat ezinbestekoa den Kultur etxearen inguruan ez da ezer aipatzen\". Idoia Mendiolagaraik alkateak erantzun du, \"denok ikusten dugu beharrezkoa, baina orain ez dago dirurik hori egiteko\". EAk aipatu duenez, ezezko ematearen beste arrazoietako bat \"Udaletxeko lanen gastua bikoiztu egin\" dela da. PSEk ohiko bileran aipatu duenez, \"hori orain urte bi erabaki genuen eta egoera beste bat zen orain izango balitz ez genueke egingo\". EAJak bat egin du iritzi honekin.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!