Julian Iantzi: "Euskara berreskuratu nuelako izan nuen telebistan lan egiteko aukera"

Anboto 2010ko api. 15a, 17:58

Zaldibarren egongo da zapatu honetan Julian Iantzi aurkezlea, euskaragaz izan dituen bizipenak kontatzen. Gaztelekuan, 17:00etan da hitzordua. Anboto Irratian elkarrizketatu dugu.

Euskaraz berba egiteko gaitasuna galdu egin zuen Julian Iantzik, baina orain lanerako eta seme-alabei berba egiteko erabiltzen du bere ama-hizkuntza. Gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko berbaldiak ematen dabil azken aldian. Zaldibarren egongo da zapatu honetan, euskaragaz izan dituen bizipenak kontatzen. Gaztelekuan, 17:00etan da hitzordua. Zure ama-hizkuntza euskara da, baina ez zenuen Euskal Herrian ikasi. Nahiz eta Ameriketan yankeez inguraturik bizi, gurasoek euskara eta euskal kultura transmititu zidaten, eta euskaraz bustita pasatu nuen nire haurtzaroa. Nik gauza bera egin dut nire seme-alabekin, eta gazteei esaten diet, eurek ez badute ikasten zaila izango dutela seme-alabei erakustea. Mutikotan etorri zinen Euskal Herrira. Aldea igarri zenuen Estatu Batuetatik Lesakara? Estatu Batuetatik etorri nintzenean, 7-8 urterekin, nahi bai, baina ezin nuen Lesakan euskaraz hitz egin. Diktadura bukatzear zegoela etorri nintzen, eta urte gogorrak izan ziren. Etorri nintzenean gazteleraz ez nekien, eta eskolan izugarrizko arazoak izan nituen. Zigortu egiten ninduten gaztelera ez nuelako ulertzen. Paradoxa da. Euskal Herritik kanpo euskaraz bizi, eta hona etorri eta hemen nahi eta ezin izatea. Gero gaztelera ikasi nuen, eta euskara gero eta gutxiago erabiltzen hasi nintzen. Gaur egun gazteei pasatzen zaienaren antzekoa pasatu zitzaidan. Gazteek euskararen ezagutza badaukate, baina ez dutenez erabiltzen, hitz egiteko gaitasuna galtzen dute. Hori gertatu zitzaidan niri. Konturatu gabe euskara poliki-poliki uzten hasi nintzen, eta heldu zen momentu bat buruan neukan ideia ezin nuela euskaraz ahora pasatu. Orduan euskaltegira joan nintzen, galdutako hori berreskuratzeko. Eta begira gauzak zer diren, euskara berreskuratu nuelako izan nuen telebistan hasteko aukera. Euskaraz berba egin ezin zenuelako galdu zenuen euskara zuk. Gazteek, ostera, aukera hori badaukate. Bai, eta hitzaldietan esan didatenez, ohituragatik hitz egiten dute gazteleraz. Erosoago sentitzen direla diote. Pxkanaka ohiturak aldatzen hasteko esaten diet; mugikorreko mezuak, emailak... euskaraz bidaltzen hasteko. Idazteak asko laguntzen du hizkuntza baten maila hobetzen. Gaur egun ez dute inolako aitzakiarik, nahi izanez gero aukera asko dituzte euskaraz bizitzeko. 39 urtean frankismoak egin duen kaltea ez dugu 35 urtetan berreskuratu, baina aurrerapausoak eman dira. Egunkaria euskaraz, euskarazko liburuak irakurri... egunero egiten dituzten gauza txikiak euskaraz egiten hasten badira, poliki- poliki erosoago sentituko dira euskaraz. Konplexu barik ibiltzea da kontua, azkenean. Bai, eta norberaren euskara aintzat hartzea. Gogoratzen dut behin Lekeition izan nintzela emakume nagusi bati elkarrizketa egiteko. Aurretik solasean ibili ginen, eta elkarrizketa formala egin behar genuela esan nionean, \"Ez, ez, nik ez dakit euskaraz, nire euskara ez da zuena modukoa\" esan zidan. Benetako euskara lekuan lekukoa da, eta oso aberatsa da horretan gure hizkuntza. Gauzak esateko modu asko daude. Adibidez, \"gaur atsaldin guatzera banoie\" esaten badut, zer esan nahi dut? Ba gaur arratsaldean nonora zoazela, baina nora... nork jakin! Hasieratik gaizki zabiltza! \"Gaur gauean ohera noa\" esan nahi du horrek nafarreraz. Hor dago gure hizkuntzaren aberastasuna. Gure aita Ameriketan artzain bizitakoa da, eta han bizkaitarrekin, zuberotarrekin... ibiltzen zen. Euskaraz hitz egin nahi eta ez zuten elkar ulertzen hasieran. Elko Nevadan azkenean euren artean euskara bat sortu zuten denek elkar ulertzeko. Diote hori dela benetako euskara batua. Nafarrek erdi-bizkaitar, erdi-iparraldeko egiten dute, eta alderantziz. Oso gauza bitxia baina aberasgarria da.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!