Aho batez onartu dute 2010-2012rako Euskara Plana

Anboto 2009ko abe. 21a, 10:48

Aho batez onartu zuen Zaldibarko udalbatzak urteko azken bilkuran, 2010-2012 urteetarako Euskararen Plan Estrategikoa. Datorren urte hasieran onartuko dutela Euskararen Ordenantza aurreratu digute Udal Gobernuko ordezkariek.

Aho batez onartu zuen udalbatzak urteko azken ohiko osoko bilkuran, 2010-2012 urteetarako Euskararen Plan Estrategikoa. Familia transmisioa, euskalduntzea eta prestakuntza, irakaskuntza, administrazioa, lan mundua, aisia, kirola, kulturgintza, komunikabideak eta teknologia berriak hartzen ditu onartutako hasierako egitasmoak landu beharreko esparrutzat; euskararen erabilera sustatzeko beharra duten arloak. Aurreko laurteko egitasmoak jasotzen zituen ekintzak ebaluatu ostean, 2010ean zehar zehaztuko dituzte premiazkoen jotzen dituzten euskara sustatzeko ekintzak. 2005 eta 2009 arteko egitasmoarekin alderatuta, bi esparrutan aurreikusten dituzte gehien garatu beharreko arloak: etorkinak euskarara gerturatzeko bidea ipintzea, eta Udaletxeko jarduna euskalduntzea. Bestalde, 2010 urte hasieran onartuko dutela Euskara Planean inguruko arauak bilduko dituen Euskararen Ordenantza aurreratu dute Udalean. Aholkularitza batzordea Bi urte inguruan deseginda izan den Euskararen Aholkularitza Batzordea berreskuratu dutela nabarmendu du Gobernu Taldeak, Euskararen 2010-2012 egitasmoa osatzerako orduan. Udaleko ordezkariek eta zortzi herritarrek osatzen dute batzordea. Herriko elkarte, talde eta erakunde desberdinen ordezkariak dira aipatutako batzordea osatzen dutenak. Herritarren %60 inguruko euskararen ezagutza dago Zaldibarren, baina erabilera askoz murritzagoa delako, euskarak egunerokoan herrian presentzia handiagoa izan dezan lortzea omen du egitasmoak helburu oinarrizkoena.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!