Neguko San Andres jaiekin bat egiteko gonbita asteburuan

Anboto 2009ko aza. 27a, 14:06

Gaztetxeak eta Udalak egitarauak antolatu dituzte astebururako. Bestalde, Euskal Herriko Trikitilari Gazteen Txapelketako finala izango da domekan.

Gaur iluntzeko Euskal Preso Politikoen aldeko kontzentrazioaren ondoren, 20:30ean egingo duten txupinaren jaurtitzearekin abiatuko dituzte Gaztetxekoek Neguko San Andres jaiak. Txupinazoa jaurti eta gero Gaztetxean izango den luntxaren ondoren, Durangoko Uxueren eta Iban zornotzarren kontzertuak izango dira, 22:30ean. Zapatuan, azaroaren 28an, 22:30erako antolatu dituzte gazteek eskualdeko Namek Planet, Disorders eta Talde Sorpresaren kontzertuak. Azaroaren 28an, bestalde, eguerdiko herri-bazkariarekin hasiko da Gaztetxetik San Andres jaietarako prestatu duten egitaraua. Bazkal ostean, berriz, familia-argazkia eta bakarrizketa emanaldiak eta kantu-poteoa izango dituzte Gaztetxean antolatutako jaiarekin bat egiten dutenek. Udaletik atondutako San Andresetarako jai egitarauak ere, gaur, bihar eta astelehenerako hitzorduak jasotzen ditu. Asteburu honetan, Ilargi argazki taldeak antolatu duen argazki lehiaketara aurkeztutako lanen erakusketa egongo da Udaletxe zaharrean, eta Helmuga emakume taldeak, bestalde, Pintxoen Eguna antolatu du gaurko. Gaur 19:00etan Udaletxeko balkoitik txupina jaurtitzen dutenetik, kirolak, musikak, antzerkiak, umeentzako jolasek zein gastronomiak beteko duen egitaraua izango da jaietarako.

Trikitilari gazteen txapelketa

Kanporaketa saioak azaroaren 1ean eta 8an izan zituen Euskal Herriko Trikitilari Gazteen XVIII. txapelketak, eta domekan Olazar frontoian izango da finala. Ohitura denez, eta 1983an lehenengoz egin zen moduan, Zaldibarren lehiatuko dira pandero eta trikiti-jotzaile gazte onenak Euskal Herriko txapela nork jantziko: azaroaren 29an, 17:30ean hasita arituko dira dakien onena erakusten. Eneritz Bengoetxea donostiarrak eta Edurne Errandonea andoaindarrak osatutako bikoteak irabazi zuen iaz azken urteetan parte-hartzaile gehienak gipuzkoarrak izan dituen txapelketa. Domekako finalean, Bizkaiko trikitixa ondoen jotzen duen bikoteak sari berezia izango du, ohitura denez.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!