Txirrindularitza izango da aurten ardatz, eta bere inguruan, azaroaren 23an, 24an, 25ean eta 26an izango dira ekintzak.
Joan zen zapatuan, Udaletxean, Miguel Madariaga Euskadi txirrindularitza fundazioko lehendakaria, Koikili Lertxundi Itzarri enpresako zuzendaria eta Athleticeko jokalaria, Nerea Garitagoitia euskara zinegotzia eta Idoia Mendiolagarai alkatea izan ziren euskara eta kirola uztartzea bultzatzen duen Euskara Astea aurkezten.
Txirrindularitza izango da aurten ardatz, eta bere inguruan, azaroaren 23an, 24an, 25ean eta 26an izango dira ekintzak. Euskararen gurpilean sartu lema daraman programazioan lehenengo hitzordua Amets Txurrukarekin izango dute, eskolan euskarazko ulermena, idazkera eta irakurmena lantzeko saio teoriko-praktikoa.
Azaroaren 24an, berriz, tartean Ruben Perez zaldibartarra ere tartean izango den Euskaltel taldeko hiru taldekideekin ginkana baten bitartez entrenamendua izango da eskoletako pilotalekuan, 18:30ean. Txirrindularitzaren inguruko hirugarren saioa ere eskolakoei zuzendurikoa izango da. Amets Txurruka izango da hirugarren saioa ere zuzenduko duena. Euskara Astearen barruko azken ekitaldia, berriz, azaroaren 26rako antolatu dutena da, eta Pedro Mari Goikoetxea telebistako aurkezlea, Andoni Arce fisioterapeuta, Gorka Gerrikagoitia entrenatzailea eta Josu Larrazabal prestatzaile fisikoa elkartuko dira Udaletxeko bilkura aretoan.
Programazioaren aurkezpen ekitaldian jakinarazi zutenez, gainera, Koikili Lertxundi otxandiarrak zuzentzen duen Itzarri aholkularitza enpresaren eta Zaldibarko Udalak akordioa sinatu dute.