Jeltzale, sozialista eta Independienteen aldeko botuekin onartu dituzte 2009rako aurrekontuak

Anboto 2009ko ots. 27a, 15:22

Ogasun Batzordean alderdi bion aldeko bozka izan zuen 2009rako aurrekontu proposamenak, eta ezustekorik barik, aldeko 8 boturekin onartu dute aurtengo aurrekontua.

Ogasun Batzordean EAJ, PSE-EE, eta Talde Independientearen aldeko bozka izan zuen 2009rako aurrekontu proposamenak, eta ezustekorik barik, aldeko 8 boturekin onartu dute aurtengo aurrekontua. Aurrekontu horrek zehazten dituen lehentasunekin ez datorrela bat arrazoituta, kontrako botua eman du EAk.

Guztira 4.121.442 euroko Udaleko kontua aurreikusten duen proposamena da onartu dutena. Aurrekontuan jasotako inbertsioei dagokienean, diru-atal esanguratsuenak jasoko dituztenak; Gazaga auzoko saneamendurako eta auzo bereko bidearen konponketarako 600.000 euro, futbol zelaian estalki berria eraikitzeko 170.000 euro, eta Udaletxean egokitze lanak egiteko 120.000 euro jasotzen ditu. Horrek burutzeko, Udalak aurten izango duen zorpetzea %12koa izango dela jakinarazi du Igor Barrenetxea-Arando gobernu taldeko zinegotziak.

Udalean ordezkaritza duten oposizioko hiru alderdietatik, sozialista eta Independienteek aurrekontuen aldeko botua eman dute, eta azaldu, "Batzordeetan eztabaidatu beharrekoa landuta, eta partida gehienekin ados izanda", euren bozka aldekoa izan behar zela.

Kontrako aldean, gobernu taldearen lehentasunak ez, beste beharrizan larriagoak daudela herrian esan du Sampedro zinegotziak, EAren kontrako botua arrazoitzeko: "Zaldua plazaren berrikuntza, eta herriak hainbesteko beharra duen kultur etxea", izan beharko litzatekez euren ustetan 2009ko Zaldibarko Udalaren lehentasunak.


ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!