Merezi bezala sarituak

Anboto 2008ko abu. 28a, 13:24

Azpimarratzeko modukoa da modalitate bietan parte hartu duten 31 argazkilarietatik 15 zaldibartarrak izatea. Herrian dagoen zaletasunaren isla garbia da datua.

Eskualdeko zein Euskal Herriko beste hainbat txokotako argazkilari askorentzako erreferentzia izan da udaro Zaldibarren Ilargi argazki taldeak antolatzen duen argazki rallya. Udarekin, herriko jaiekin batera, goizean hasi eta eguerdira arte, herriko kaleak betetzen dituzte argazkilariek, eta San Andres jaiekin bat eginda ospatzen dute gero ondoko irudian jaso duguna bezalako sari banaketa. Aurtengoa, berezi berezia izan da Ilargi argazki taldekoentzat, mende laurdena bete dutelako halako hitzorduari hutsik egin barik eta sostengu garrantzitsua lortuz.



Hogeitik gora argazkilarik, diaposibitan edo formatu digitalean, aurkeztu dituzte egindako argazkiak. Diapositiba modalitatean, Soraluzeko Mikel Cruz argazkilariak jaso du Ilargi argazki taldeak eta Zaldibarko Udalak antolatutako argazki rallyko 100 euroko lehenengo saria. Hain zuzen ere, argazkigintza analogikoaren esparruko sarien banaketan islatzen da, Zaldibarko argazki lehiaketak lortu duen zabalkundea; bigarren saria ere Gipuzkoara, kasu honetan Mikel Zengotita azkoitiarraren eskuetara joan baitzen, 70 euro  eroan zituelarik. Zaldibarren ez ezik, Soraluzen ere argazkigintzak zaletuak badituela erakusten du  diapositiben sailean ere  lehenengo saria eta baita hirugarrena ere Soraluzeko argazkilari batek jaso izanak: Fernando Oregik jaso zuen, kasu honetan, 50 euroko saria. Bai diapositibetan bai formatu digitalari dagokionez, argazkilari zaldibartarren lana nabarmendu gura izan dute aurtengo lehiaketan ere, eta Benito Perez analogikoan eta Eli Cerros digitalean izan dira epaimahaiaren aburuz 50 euroko herriko argazki onenaren saria merezi izan dutenak XXV. Argazki Rallyan.

Herritarrak parte-hartzaile

Azpimarratzeko modukoa da modalitate bietan parte hartu duten 31 argazkilarietatik 15 zaldibartarrak izatea. Herrian dagoen zaletasunaren isla garbia da datua. Rallyaren antolatzaileek goizean emandako gaiak: zebra pasabidea, eskailera, arropa, itzala eta argazkilariek aukeratzeko beste bi izan ziren. Digitalean, Elena Millan zaldibartarra izan da aurten irabazle, herrian geratu da sail honetako 100 euroko saria. Bigarrena Mikel Zengotita azkoitiarrak eta hirugarrena José Ignacio Marcos zaldibartarrak jaso dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!