Santi Etxebarriaren artelanak

Anboto 2008ko mai. 15a, 11:09
Bariku, zapatu eta domekan egingo du erakusketa Santi Etxebarria margolariak. Arte Ederren ikasturte amaieran bukaerako proiektu moduan aurkeztuko duena erakutsiko du bizileku duen Zaldibarren.
Bariku, zapatu eta domekan egingo du erakusketa Santi Etxebarria margolariak. Arte Ederren ikasturte amaieran bukaerako proiektu moduan aurkeztuko duena erakutsiko du bizileku duen Zaldibarren. Hain zuzen ere, Ana Mujika irakaslearekin landutakoa, irakaslearen laguntzarekin osatutakoa, dela erakusketakoa nabarmendu digu artistak.



Hiru egunerako –bariku, zapatu eta domekarako–, asteburu batean ikusgai izateko antolatu du printzipioz, beraz, erakusketa. Hau da, erakusketa antolatzen baino denbora gutxiagoan izango du lanaren emaitza publikoarentzat ikusgai. Erakusketaren epeak zalbaltzea pentsatu ote duen  galdetzerakoan, margolariak esan digunez, apropos eta beharrezko ikusten badu –domekan erabakiko du– eta merezi baldin badu luzatzen saiatuko da erakusketaren epea. Ikusle potentzialentzako gomendioa, dena dela, asteburuan Zaldibarko udaletxe zaharraren aretora gerturatzea da; epea luzatzen bada, bigarren bisita egitea ere bai, beharbada.

Astean zehar jardun du gela atontzen, eta 50 edo 60 lan inguru batu ditu; margoak eta bideoak gehienak. Aretoa hainbeste lanentzako txikiegia da, baina alde positiborik ere aurkitzen dio Etxebarriak: argitasun nahikoa duela.

Zaldibarren eta Durangon –Durangaldeko Artisten Elkartekoekin elkarlanean– eskegi izan ditu bere lanak Etxebarriak. Azaldu digunez, margotzen betidanik jardun izan du, baina duela 15 bat urte hasi zen serioago pintura klaseak hartzen; eskolak hartzera Bilbora joaten zela zehaztu digu. Orain, ekainera arte behintzat, Leioako kanpusean dihardu Arte Ederrak ikasten, pintura adarretik. Pinturan, ikasle eta irakasle da aldi berean, beste gauza batzuen artean, Santi Etxebarria. Bilboko eskola batean plastika eta teknologia ikasgaiak irakasten ditu Etxebarriak.


Lurrean


Eskegita barik, lurrean ipiniko ditu ikusgai bere lanak, Santi Etxebarriak berarekin izandako elkarrizketan esan digunez. Egiten dituenen –eta erakutsiko dituenen– artean figuratiboak gutxi ei dira. Gehien margotzen dituenak abstraktuak eta paisaiak dira. Oleoak, akrilikoak, hareagaz edo pigmentoagaz landutako koadroak dira erakusketan ikusgi izango direnak.


Beroan

Erakusketan dituen lanak egiteko baliatutako materialen inguruan galdetuta, Etxebarriak azaldu digunez, erakutsiko dituen koadroetako bi egiteko material berezia erabili du: enkaustika izeneko teknikarekin egindakoak ei dira koadroetako bi, argizari beroarekin margotutakoak.
Erakustetaren ordutegia hauxe da: barikuan 18:30etik 20:30era, zapatuan 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 20:30etara, eta, domekan azkenik, 12:00etatik 14:00etara.  I.E.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!