Euskal Herriaren eta askatasunaren alde jausitakoei gorazarre

Anboto 2008ko api. 24a, 12:33
Oroimen historikoa berreskuratzeko lanean dihardueen beste elkarteon laguntza eta bultzadagaz aurten, omenaldia egingo dabe domeka honetan Santamañezarreko tontorrean.



Eskualdeko lau elkartek (Zaldibarko Castet, Berriz 1936 Gogoratzen kultur elkartea, Otxandioko Andikona eta Durango 1936 Gogoratzen kultur elkarteak) eta Ahaztuak elkarteak bultzatutako irteera aurkeztu dabe asteon. Izan be, herri horretan 1993tik hona Castet elkarteak antolatuta egin izan daben moduan, baina oroimen historikoa berreskuratzeko lanean dihardueen beste elkarteon laguntza eta bultzadagaz aurten, omenaldia egingo dabe domeka honetan Santamañezarreko tontorrean.

Ahanzturatik atara

Esan dogun moduan, lehenengo aldia da Santamañezarrerako irteera hau elkarlanean bultzatzen dabena eskualdeko elkarteek, eta azaldu dabenez, helburu berberagaz dabilzen elkarteon indarrak batzea erabaki dabe oraingoan. Hain zuzen be, “gorazarre, leku horretan borroka egin eben eta hil ziren 40 lagunei eta faxismoaren ofentsiba geratzeko borroka egin eben guztiei” egingo deutseela azaldu dau Gaizka Zabartek elkarteon izenean. “70 urtean enterratuta izteko interesa egon den” historia horri lekua egitea dabe helburu; gerran hildakoen zerrendak osatzea, esate baterako. Domekan, gorazarre egingo deutsee “1936ko urrian Intxortan eta Kalamuan faxistak gerarazi zitueen miliziei, 1936ko urrian bertan Irungo borroketan zauritu eta hil zen Primo Bastida zaldibartar gazteari, eta apirilaren 24an Intxorta jausi ondoren Santamañezarren faxisten aurkako borrokan ibili ziren guztiei eta, bereziki, bertan hildako berrogeitik gora lagunei”.

Pedro Garrori omenaldia
Memoria historikoa berreskuratzeko eta errepresinoa jasan ebenen ondorengoek gertatu zena ezagutu daien, “ikerketa lana” funtsezkoa dela nabarmendu dabe elkarteotako kideek, eta lan horretan jarraitzeko asmoa daukiela. Ahozko testigantzen garrantziaz eta testigu geroago eta gitxiago dogula gure artean ohartuta, omenaldiak be antolatu gura ditue. Halan egingo dabe, aurkezpenean aurreratu ebenez, apirilaren 27an be: askatasunaren alde jausitako guztien izenean, Berrizen bizi den Pedro Garro omenduko dabe.

Txalaparta doinuz
Goizeko 10:00etan, Zaldibarko Udaletxe parean ipini dabe hitzordua Santameñezarrera bidea egiteko, eta 11:00etan izango da ekitaldia tontorrean; txalaparta eta trikiti doinuek jantziko dabe eguna. Lore-eskaintza eta mendi horretan gertatutakoa gogora ekarriko daben berbaldi bi izango dira. “Konturatuta gagoz oso berandu gatozela”, onartu dau Berriz 1936 Gogoratzen elkarteko Maite Arrizabalagak, baina eskualdean sortu barri diren elkarteokin batera herrietako memoria berreskuratzeko lanean elkarlanari ekingo deutsiela aurreratu dau
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!