Herriko misiolariak laguntzeko tonbola

Anboto 2007ko ots. 8a, 12:30

25 urte betetzen ditu aurten Zaldibarko elkartasun tonbolak

25 urte betetzen ditu aurten Zaldibarko elkartasun tonbolak. Zozketarako, ohikoak diren
objektuak bakarrik ez, aurtengoan, herriko Pilota eskolak gabonetan zozketatzen duten zesta ere tonbolan izango da. Izan ere, gabonak igarota, ez da agertu zesta tokatu zaion pertsona, eta erabagi dute tonbolarekin halako elkartasunezko keinua izatea.

Gabonetako zesta otsailean jasotzea ondo hartuko du zortean jasotzen duenak, 600 euroko prezioan baloratutako janari eta edari bilduma ez baita izaten ezelako etxean soberan.
Besteak beste, eskuz landutako mantelak, jolasak, antzinako panpinak, koadroak, umeentzako arropak, txapelak, eta beste hainbat jantzi eta bitxikeria zozketatuko dituzte urteroko tonbolan, mende laurdenean otsailean egin duten honetan.

Tonbolan zozketatuko diren obejtuetariko gehienak herriko emakume batzuek egindakoak dira. Zaldibarko hogeita hamar bat andraren lanaren ondorioak izan dira. Emakume horietariko gehienak, elizako talde bateko partaide dira, hirugarren munduarekiko elkartasuna eta laguntza ardatz duen taldean, elizaren inguruan sortutako taldean.Eskuz landutako objektu horiek egiten urte osoan zehar aritu dira emakumeak, eta udaletxearen laguntza ekonomikoa izan dabe materialak erosterako behar izan duten diru apurrari dagokionez.

Zozketatuko diren bestelakoak, herriko hainbat jendek emandakoak dira, eta baita heerriko enpresa eta dendek ere.
Otsailaren 9an zabalduko dute urteroko tonbola, eta asteburu guztian zehar betiko lekua egongo da, Bilbao etorbidean.

Domekararteko egunetan beraz, hala nahi duten guztiak izango du zozketan parte hartzeko aukera, hori bai, 80 zentimo ordaindu beharko ditu txarteltzoagatik.

Txartela erosita, eta elkartasuneko ekimen honetan parte hartuz, misiolari zaldibartarren proiektuak finantzatzen lagunduko da. Ohitura bihurtu den moduan, gosearen eta pobreziaren kontra borrokatzen duten, Mila Azpitarte, Javier Areitourtena eta Javier Peñak egiten diharduten elkartasunezko lana indartzen da.

Zaldibartik, herriko misiolariei laguntza eskaintzeko modua da tonbola antolatzea, eta baita Colombia, Peru eta Guinea-Conacrin bizi den jendeari elkartasuna adieraztea.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!