Zer helburugaz sortu zen Oreka energia komunitatea?
Otxandioren trantsizio energetikoa sustatzeko helburuz sortu zen, arlo horretako erronkei erantzuteko. Kooperatiba bat da eta hainbat bazkide mota du. Bazkide kontsumitzaileak Orekak sustatzen dituen proiektuetatik energia kontsumitzen duten pertsonak dira. Bazkide laguntzaile legez, udala eta 11Lore elkartea daude. Zerbitzu bazkide legez, Arrasateko kooperatiba txiki bat dugu, Ekitermik; aholkularitza zerbitzua eskaintzen dute. Eurek ipini dute azpiegitura fotovoltaikoa eta eurek egingo dituzte mantentze-lanak. Azkenik, bazkide langileen aukera ere badago, baina ez da aurreikusten bazkide langilerik egongo denik.
Azpiegitura fotovoltaikoa eskolan eta frontoian dago.
Bai, Mainondon. Bateriak eta panelak han daude. 250 bat panel inguru. Azpiegiturak 120 bat kilowatteko potentzia fotovoltaikoa du. Potentzia hori autokontsumoa lako proiektu motetan egiten den handienetarikoa da. Tamaina horretatik behera momentuan autokontsumitzen ez den energiagaitik merkaturatzaileak behartuta daude zeozer konpentsatzera. Eta, kontrara, tamaina horretatik aurrera soberakina merkatura saldu behar da eta kudeaketa konplexuagoa bihurtzen da.
Energia zelan heltzen da etxeetara?
Autokontsumo partekatua da. Energia sarera joaten da zuzenean. Kontadore batek kontabilizatzen du zenbat energia pasatzen den orduero. Gero, banaketa koefizientearen bitartez zehazten da sortzen den energiaren zer portzentaje egokitzen zaion komunitateko kide bakoitzari. Kontadore horren informazioa banatzaileak bidaltzen dio parte hartzen duen merkaturatzaile bakoitzari. Beraz, merkaturatzaileak badaki egun bakoitzean orduero zenbat energia dagokion bakoitzari. Eta kopuru hori deskontatu egiten da fakturatik. Une honetan, 81 kontsumo puntu daude instalaziotik energia jasotzen.
Hile bi joan dira martxan ipini zenutenetik. Zein da orain arteko balorazioa?
Balorazio ona da. Hasi gara aurrezpena igartzen fakturetan. Bateriak izatera, lortzen diren aurrezpenak azpiegitura fotovoltaiko soil batek ematen dituenak baino handiagoak dira. Gero, gure kasuak badu berezitasun bat eta uste dut Euskal Herrian ezaugarri hau duen lehenengo komunitate energetikoa garela: sistema guztia software inteligente batek kudeatzen du. Internetera sarbidea du eta merkatu elektrikoan aurreko egunean finkatzen direnez hurrengo eguneko orduz orduko prezioak, softwareak badu informazio hori. Horrela, bateriaren kargak eta deskargak egiten dira, merkatuan momentuan argindarrak duen prezioaren eta aurreikusten den energia sorkuntzaren arabera. Adibidez, ordu konkretu batzuetan merkatuan argindarra oso merke badago, bateriak gorde egiten du energia, garestien dagoen momentuetan erabiltzeko. Kontsumitzaile bakoitzak aplikazio bat du eta aplikazio horren bitartez informazio guztia denbora errealean ikusi daiteke.
Aurrezpenaren adibide zehatz bat ipini zenezake?
Bai, neurea ipiniko dizut. Aplikazioan begiratuko dugu [aplikazioa zabaldu du]. Begira, aplikazioan komunitateko datu orokorrak ikusi daitezke, denbora errealean: plakak zenbat kilowatt sortzen ari diren, denen arteko kontsumo pilatua zein den… Bestetik, datu indibidualak ditugu, bakoitzak berea. Hemen agertzen da aurrezpenaren datua. Nire kasuan, irailean, 18,27 euro aurreztu ditut. Faktura erdira bajatzea izan daiteke, gutxi gorabehera; eta lortu dudan burujabetze energetikoa %54koa izan da.
Energia komunitatea hainbat urtetako prozesuaren ondorioa da. Zeintzuk dira bidean aurkitu dituzuen erronka nagusiak?
Erronka asko egon da: azpiegitura egin aurretik, obretan zehar, diru laguntzak lortzerako orduan… Gero, 80 lagun kudeatzea ere dezenteko lana izan da: kontsumoak, portzentajeak, kapital ekarpenak… Ekarpen guztiak kontuan hartuta, 80.000 euro ipini ditugu. Azken erronka legeztapena izan da. Instalazioa Iberdrolagaz legeztatu behar da eta prozesu hori ere luzea eta konplexua izan da.
Zeintzuk dira etorkizuneko erronkak?
Instalazioak beste 20 etxeri edo kontsumitzaileri argindarra emateko kapazitatea du orain. Laster instalaziora herritar gehiago batzea da helburua. Dena beterik dagoela eskaera gehiago badago, beste leku batean beste instalazio bat egitea planteatuko litzateke. Gure bokazioa da gura duten herritar guztiek aukera izatea Otxandion ekoizturiko energia kontsumitzeko. Gero, beste esparru batzuetarako ere baditugu ideiak; adibidez, zelan lagundu dezakegun etxeetako isolamendua hobetzen. Eta biomasari dagokionez, kontuan hartuta Otxandion egur asko erabiltzen dugula etxeak berotzeko, zelan antolatu gaitezkeen modu komunitario batean bertako baliabideak aprobetxatzeko.
Nazioarteko testuinguruan, energiaren kontrolak eta hornidurak geroago eta garrantzi handiagoa dute eta horrek agerian uzten du energiagazko dugun mendekotasuna. Testuinguru horretan, zer ekarpen egin dezakete Oreka lako energia komunitateek?
Euskal Herria oso menpeko da kanpoko baliabide energetikoekiko. Argindarra horren zati txiki bat da une honetan. Kontsumo energetikoaren gehiengoa gasolina, gasa eta antzerakoak dira. Honek guzti honek sekulako inpaktua du bizitzaren garestitzean. Hauxe gertatzen da gaur egun: munduko punta batean zeozer gertatzen da eta bat-batean gastu energetiko guztia izugarri handitzen da. Kanpo menpekotasun hori murriztu gura badugu, ahalik eta kontsumorik gehien elektrifikatu behar dugu lehenengo. Guk ez daukagu gasik edo gasoilik, kanpotik ekarri behar da nahitaez, baina elektrizitatea hemen sortu dezakegu. Beraz, kontsumoa elektrifikatu behar da lehenengo, eta guk kontsumitzen dugun energiaren ahalik eta portzentajerik handiena gure kabuz ekoizten ahalegindu behar dugu gero. Horrek, aurrera begira, egonkortasuna ematen du gastuaren zati handi batean. Badakizu hemen ekoiztuko den argindarrak, kasu honetan Orekak ekoizten duenak, prezio berdina izango duela datozen 25 urteetan, prezio justu eta egonkor bat, munduan gertatzen denaren menpe egongo ez dena.
Martxoan Ehnergia aurkeztu zuten, Euskal Herri osora zabalduko den bigarren mailako kooperatiba energetikoa. Zeintzuk abantaila eskaintzen dizkie sare horretan parte hartzen duten proiektuei?
Ehnergia martxoan aurkeztu zuten, baina orain ipini dute martxan, urri hasieran. Lan ildo nagusi bi ditu. Lan ildo printzipala da komunitate energetikoek dituzten beharrizanak asetzen laguntzea: kontabilitatea eramatea, bazkideen edo kapital ekarpenen kudeaketa… Komunitate txikioi gatx egiten zaigu hori dena eramatea, eta Ehnergiak zerbitzu horiek eskaintzen dizkie bere bazkide diren komunitate energetikoei; beste hainbat beharrizanen inguruko aholkularitza teknikoa ere eskaintzen du. Beste lan ildo bat da tokiko eskalan egin ezin diren proiektu batzuk Euskal Herriko eskalan abordatzea.
Otxandioko energia komunitateak zein leku du Euskal Herriko gainerako komunitate energetikoen artean?
Gu hasi ginenean nahiko hasiberria zen komunitate energetikoen mugimendua. Orduko denok data beretsuan hasi ginen, gutxi gorabehera. Lehenengo etapa horretako komunitateok autokontsumo fotovoltaikoko instalazioetan zentratu gara batez ere. Gero bakoitzak bere erritmoan egin du aurrera. Adibidez, Hernanin, baliabide gehiagogaz, instalazio gehiago egin dituzte. Gure kasuan, gehiago kostatu zaigu gauzatzea, baina jada sartu gara komunitate energetikoak martxan dituzten pelotoi horretan.
Eskualdeari dagokionez, Durangon, Elorrion eta Abadiñon badira komunitate energetikoak sortzeko mugimenduak, bakoitza bere errealitate eta erritmoan. Bide horretan dauden komunitateei zer aholku emango zenieke?
Gauza konkretuetatik hasteko esango nien, egiteko errezenak diren gauzetatik. Jendeak ukitu ditzakeenak, nahiz eta txikiak izan. Hortik abiatuta, proiektu anbiziotsuagoak edo bestelako ideiak garatzen joango dira. Gure egitasmoak filosofia eta ideologia bat du atzetik, baina hori guzti hori zeozer konkretuan gorpuzten ez bada, gatx da jendea erakartzea. Energia komunitatea egiteko herritarrak behar dira, eta herritarrak erakartzeko gauza tangibleak behar dira.