"Inoiz dantzari izandako batzuk berriro ere plazara irteteko gogoz egon dira eta gogo hori jaialdi batean zelan txertatu pentsatzen hasita sortu zen ideia", azaldu du Urduri dantza taldeko kide Ainhoa Lasuenek. Jai giroak erakustaldia amaitu eta gero ere jarraituko du. Dantzari eta txistulariei luntxa emango zaie, eta Akelarre txarangak alaituko du gero giroa.
Otxandion elkartuko diren dantzaririk gazteenek 11 urte dituzte. Eta nagusienek 50-55 urte inguru. "Herrian oraindino badago gogo eta ardura bat neska-mutilek aukera izan dezaten Dantzari Dantza ikasteko, eta jaialdi hau horren isla da. Durangaldeko herri legez, oraindino mantentzen dugu lotura Dantzari Dantzagaz, eta gogo hori erakutsi gura dugu", gaineratu du Lasuenek. Urduri dantza taldeak 100 bat dantzari ditu gaur egun.
Erromeria
Ezpatadantzari eguna borobiltzeko, Durangaldeko Errota erromeria taldeak Gaztetxean joko du. Kontzertua 22:00etan hasiko da. Ondoren, musika jartzaileak egongo dira.