Otxandion gazteentzako askotariko ekintzak eskainiko dituzte asteburuero

Aitziber Basauri

Iazko ekintza bat. Argazkia: Berbaro

Gazteei zuzenduta, aisialdirako askotariko ekintzak eskainiko dituzte Otxandion, asteburu honetan hasita. Jolas kooperatiboak, eskulanak, sukaldaritza saioak, kirol jarduerak eta abar eskainiko dituzte, 12tik 16 urtera bitarteko neska-mutilentzat. Joan zen astean ateak irekitzeko jardunaldia egin zuten. Berbaro elkarteko Elixabete Piedrak nabarmendu du gazteen nahi eta premiei egokitutako jarduerak prestatuko dituztela.

Ikasturte osoan zehar egongo dira ekintzak, domekero, maiatzaren amaierara arte. Gaztetxoak kiroldegian elkartuko dira, 17:00etatik 19:00etara. "14tik 16 urtera arteko gazteak erakartzea da gure erronka. Horregaitik, eskaintza berezitua antolatuko dugu: haiei zuzenduta batetik, eta gaztetxoenei begira bestetik; txandaka egingo dugu". Eta hiru hilean behin ekintza berezi bat egingo dute. "Egun osora zabalduko den ekintza izango denez, zapatuan izango da hori", azaldu du Piedrak.

Iaz ekimenaren balorazio positiboa egin zuen Berbarok, eta ekintzek aurten ere harrera ona izatea espero du Piedrak.

Ludoteka
Bestalde, asteon ludoteka zabalduko dute, HH3-LH5 arteko umeentzako espazioa, Andresa Landan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!