Usadioari eutsiz, otxandiarrek Basabisita egingo dute domekan

A.B.

Otxandiarrek iaz egindako Basabisitaren irudi bat. 

500 urte baino gehiagoan mantendu den usadioari hutsik egin barik, domeka honetan otxandiarrek Basabisita egingo dute Otxandioren eta Aramaioko Oleta auzoaren artean dagoen Limitadura. Plaza Nagusian ipini dute ordua, 08:00etan.

Urtero iraileko hirugarren domekan elkartzen dira Basabisita egiteko. Atabalaren erritmoak lagunduta, otxandiarrek Limitaduko mugarrien egoera aztertzen dute eta ondoko arboletan markak egiten dituzte, herriko mugak zehazteko. Ondoren, udal idazkariak akta jasotzen du Oletan. Herriko agintariek ez ezik, bertaratutako herritarrek ere badute akta sinatzeko aukera. Udalak bakailaoa eta ardoa banatzen du bertaratutakoen artean. 

Gatazka historikoa
XV. mendetik gaurdaino heldu den gatazka historikoa da Limitadukoa. Udalerri bien artean dagoen 565 hektareako lursailak hainbat ika-mika sortu du menderik mende, eta, eztabaida bere testuinguru historikoan ipintzeko, Otxandioko Udalak ikerketa historikoa eskatu zuen. 2018tik 2020ra bitartean, diziplinarteko ikerlan sakona egin zuten, Belen Bengoetxea arkeologo eta EHUko irakasle durangarrak zuzenduta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!