Aurten 50 urte bete dira Otxandion euskaraz irakasten hasi zirela. Lurdes Bengoa, Miren Campo, Lurdes Uribarri, Amaia Lasuen, Jon Larrinaga eta Mari Tere Larrinaga bidea hasi zuen Andresa Landa ikastolako irakasle izan ziren. Bada, haiek izango dute jaietako pregoia botatzeko ardura. Eurekin batera, Mainondo eskolako zuzendaritzakoak, guraso elkartekoak eta eskola kontseilukoak igoko dira udaletxeko balkoira, elkarregaz santamañei hasiera emateko. Jarraian, danborrada hasiko da. Eguna borobiltzeko, erromeria egongo da plazan, Altxa Porru taldeagaz.
Musika eta pilota partiduak
Asteburuari begira, hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera egongo da Otxandion. Udal Musika Bandaren emanaldia eta Urduri dantza taldearen saioa ikusteko aukera izango da, zapatuan. Gau giroa Gozategi taldeak berotuko du. Bestalde, domeka arratsaldean profesionalen pilota partiduak jokatuko dira. Goizean herriko umeen partiduak jokatuko dira, Iluntxo pilota elkarteak antolatuta. Gauean Korrontzi igoko da oholtzara.