Otxandioko jaiak

"Txupinazoa botatzea aukera bikaina da hiru urteko proiektuari amaiera emateko"

Aitziber Basauri 2026ko uztailaren 16a

Andresa Landako irakasle ohiak. Bengoa eta Campo, eskuman. 50 urte eskola euskalduntzen

Otxandion 50 urte bete dira euskaraz irakasten hasi zirela. Lurdes Bengoa, Miren Campo, Lurdes Uribarri, Amaia Lasuen, Jon Larrinaga eta Mari Tere Larrinaga bidea hasi zuen Andresa Landa ikastolako irakasle izan ziren. Aurten, haiek izango dute jaietako pregoia botatzeko ardura. Bengoak eta Campok erantzun diete ANBOTOren galderei.

Zelan hartu duzue pregoia botatzeko gonbitea?
Lurdes Bengoa: Pozik. Hiru urteko proiektuari amaiera emateko aukera bikaina da. Oso gustura ibili gara, materiala bildu eta aztertzen, argazkiak digitalizatzen... Zeozer xumea egitea zen gure asmoa, baina 1976an haur eskola sortu zenetik gaur arteko ibilbidea ikustea merezi zuela ikusi genuen. Orduan, hainbat eragile (udala, eskola, guraso elkartea...) inplikatu zen. Jaitxo bat izan behar zuena ekitaldi sorta bihurtu zen: dokumentala sortzea, herri bazkaria, diapositibak digitalizatu eta muntaia egitea, erakusketa...
Miren Campo: Lan horretan orain irakaskuntzan dabiltzan gure ikasle ohiekin elkartu ginen, eta konturatu ginen guk genituen erronketariko batzuk oraindino hor daudela, egoera desberdina den arren: adibidez, euskararen egoera eta aniztasuna (kultura, hizkuntza, erlijioa...). Andresa Landa Fundazioaren bitartez sorturiko herri proiektua izan zen ikastola, eta askotariko herritarrek ordaindutako kuoten bitartez egin zuen aurrera. 

Zelan gogoratzen dituzue urte haiek?
L.B.: Andresa Landako ikastola haur eskola zen, apurka-apurka bidea egiten joan zen herri proiektu bat. Dena umeen interesetara bideratuta zegoen, eta momentuan egin behar genuen dena. Geroago, ikastola Mainondo eskolagaz batu zen, 1982an eta 1983an izandako prozesuagaz. Ikastolako irakasleak Mainondora pasatu ginen, oposaketetan plaza lortu eta gero. 
M.C.: Iraultza egin behar genuen oroitzapena dut. Esperimentatu egin genuen, eta trebatu ere egin ginen. Orain, gaur egungo Mainondo eskola ezagutzeko aukera izan dugu. Irakaskuntzan hausnartu eta berritu beharra dago, erronkak bideratu. Eta klaustroa finkoa izatea oso garrantzitsua da. Urtero aldatzen bada, gatx da inplikatzea, gura izanda ere. 

Pregoia prest duzue?
M.C.: Bai. Herri proiektu hura gogora ekarriko dugu, eta nabarmendu zein garrantzitsua den eskola eta hezkuntza komunitatea. Herri oso bat euskararen alde badago, aurrera egiteko gai izango da. Honela amaituko dugu pregoia: 'Gora ikasleak eta gora hezkuntza komunitarioa!'. Dena dela, Mainondo eskolako zuzendaritzakoak, guraso elkartekoak eta eskola kontseilukoak ere egongo dira gugaz. Hezkuntza komunitate osoa irudikatuko dugu.

Zelan bizi dituzue zuek santamañak?
L.B.: Gogotsu hartzen ditut. Gainera, herritik kanpora bizi diren otxandiarrek jaietan herrira etortzeko ohitura dute. Agur Santa Marina ekitaldian jende mordoa batzen da. Herriaren parte izatearen sentimendu hori badago hemen. 
M.C.: Bai, herriak asko parte hartzen du antolaturiko ekintzetan. Pozik bizi ditut jaiak, baina lan askogaz (barrez). 

Nabarmenduko zenuketen ekitaldia?
L.B.: Agur Santa Marina.
M.C.: Gure aitita bonbardaketan hil zen, Andikona plazan, eta orduan hildakoak gogoratzeko omenaldia familia osoa batzeko eguna izan dugu beti, gogoratzeko eguna. Jende asko batzen du eta hunkigarria izaten da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!