Udaletxeko balkoitik jaurtiriko txupinagaz batera lehertuko da jai giroa herriko kale eta bazterretan, uztailaren 17an. Jaiek iraungo duten aste bietan zehar, tradizio handiko ekitaldiek ez dute hutsik egingo. Besteak beste, herriko Urduri dantza taldearen saioa, Oihandi abesbatzak abesturiko Salve Regina, umeentzako jolasak eta puzgarriak, kuadrillen arteko play-backa, herriko bandaren kalejira, sokamuturra eta San Martineko paella txapelketa izango dituzte hurrengo egunetan Otxandion. Baita 1936ko bonbardaketan hildakoak gogoratzeko omenaldia ere.
Bonbardaketatik 90 urte
Aurten 90 urte beteko dira Otxandio bonbardatu zutela. Errioxako base militarretik zetozen Breguet XIX hegazkin bik Andikona plaza bonbardatu zuten 09:30ean. Gerra zibilaren lehenengo bonbardaketatzat hartzen da Otxandiokoa; 61 hildako eta zauritu ugari eragin zituen. Uztailaren 22an izan ziren gertaera latz haiek, herrian Santamaña jaiak ospatzen zebiltzala. Bonbardaketan hildakoak gogoratzeko urtero Andikonan egiten den omenaldian, aurten modu berezian izango dute presente uztailaren 22a herrian: Vicinay-ko adarra eta su kanpaiak joko dituzte egun horretan, 09:30ean. Arratsalderako Kanpaien oroimena, herriaren arnasa ekitaldia prestatu dute; Andikona plazan izango da. Lore eskaintza eta karrilloi eta kanpai kontzertu parte hartzailea egingo dituzte, jai batzordeak azaldu duenez. Emakumeen soka-dantzak eta Ane Gebarak sorturiko Haritik tiraka antzezlanak borobilduko dute eguna.
Trikiti eta rock doinuak
Jai batzordeak musika eskaintza zabalagaz osatu du egitaraua. Gozategi, Altxa Porru plaza taldea eta Korrontzi igoko dira oholtzara lehenengo asteburuan. Bigarrenean Nafarroa 1512 eta Linea Roja taldeen rock doinuek girotuko dute gaua. Xaukena Xauk-ek zabalduko du parrandarako grina ordu txikietara arte.
Herri kirolen erakustaldiaz eta goi mailako pilotari profesionalen arteko esku pilota partiduaz gozatzeko aukera ere egongo da santamañetan, ohiko Agur Santa Marina abestuz jaiak agurtu bitartean.
Gaztetxoen Eguna
Etxeko txikien eguna uztailaren 20a izango da. Urteroko ohiturari jarraituta, 6. mailakoak udaletxeko balkoira igoko dira eguneko txupina botatzeko. Jarraian, puzgarriak, ur jolasak eta tailerrak izango dituzte, plazan. 15:00etan, bazkaltzeko elkartuko dira. Jai batzordeak bits festa eta merienda prestatu ditu arratsalderako. Eta, eguna amaitzeko, DJ Raiztik ipiniriko musikagaz dantzatzeko aukera izango dute gaztetxoenek.
Jaiak irauten duten bitartean, eraso sexistei aurre egiteko protokoloa aktibatuta egongo da.