Otxandiarrek etxean gordetako argazki, testuliburu, eskulan eta askotariko oroigarriak baliatuta, Ateak ireki erakusketa berezia izan zen ikusgai eskolan, zapatuan. Era berean, Markel Onaindia kazetari iurretarrak urteurrenerako sortu eta zuzendutako ikus-entzunezkoa erakutsiko zuten, kontseilupean.
Dokumentalak 1976an egoera politiko-soziala, eta euskeraren egoera ezagutu zituen herritarren lekukotzak batzen ditu. Baita, Otxandiora lanera etorritako gurasoen eta hasieratik ikastola sortzen lagundu zuten herritarrenak ere. Orduko irakasle eta ikasleei egindako elkarrizketak, eta, urte guzti hauetan eskolak izan dituen zuzendarien testigantzak ere biltzen ditu Onaindiaren lanak. Eta, gaur egungo Guraso Elkartearen eta eskolako zuzendariaren esanak ere bai.
Herri bazkaria egin zuten, eta, eguna borobiltzeko, Tio Teronen Semeak taldeak Haurreskolari dantza ikuskizuna plazaratu zuen. Domekan, omenaldia egin zieten ikastola sortzen lagundu zuten 50 pertsonari.