Uraren Agentziak Oleta ibaiaren eskumako ibaiertzaren tarte bat lehengoratu du, Otxandion

Anboto 2026ko ekainaren 9a

Uraren Euskal Agentziak (URA) amaitu ditu Otxandion Oleta ibaiaren eskuineko ertza leheneratzeko eta egonkortzeko lanak, Presazelaiko presa txikiaren inguruan.

Iaz izandako ur-goraldi baten ondorioz, eskuineko presa-estriboaren zati bat hautsi zen, eta, orduz geroztik, ibaiertzak higadura handia izan du, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari atxikituta dagoen Uraren Agentziak azaldu duenez. Egindako jarduketak galdutako lurra berreskuratu du, Mekoletako jolas-eremura joaten diren pertsonentzako arriskua murriztuz eta ibilguaren ibai-jarraitutasuna hobetuz, zehaztu dutenez.

Bioingeniaritzako tekniken bidez egindako lanei esker, higatutako ertzaren egonkortu dute, "ibaiaren dinamika aldatuko zuketen elementu zurrunak sartu gabe", Uraren Agentziatik azaldu dutenez:  "Presazelairen jarduera hondatutako erribera teknika naturalekin lehengoratzeko moduaren adibide garbia da. Izan ere, ibaiaren dinamikagaz eta biodibertsitateagaz bateragarriak dira. Egonkortasuna, segurtasuna eta kalitate ekologikoa berreskuratu ditugu aldi berean ", adierazi du obra egin duen URAko talde teknikoak.

Otxandioko Udalaren eta Uraren Agentziaren arteko lankidetza-hitzarmenaren barruan gauzatu dira obrak, "udalerriko ibaietan ingurumena mantentzeko, kontserbatzeko, berreskuratzeko, leheneratzeko eta hobetzeko lanak koordinatuta garatzeko". Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF 2021-2027) finantzaketa izan duten lanak gauzatzeko 46.000 euro inbertitu dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!