Euskarazko rockaren aitzindarietako batek, Errobi taldeak, kontzertua eskainiko du Mekoletako jaietan. Anje Duhalde eta Mixel Ducau gitarra banarekin izango dira Otxandioko auzoan, eurak bakarrik, bandarik barik. Emanaldia berezi-berezia da inondik ere, Errobik behin betiko agur esan eta gero joko duelako Mekoletan, hau da, Duhalde eta Ducau 2024ko maiatzean berriro ere batu, kontzertu ugari eman, eta iazko abenduan Donostiako Victoria Eugenian agur esan eta gero. Musikari lapurtarrak beren hasierako denboretan bezala entzun ahalko dira: biak bakarrik.
Jaietako beste apustu bat Bele taldearena da. Lide Hernando donostiarrak gidaturiko proiektuak soul eta rock doinuz bustiriko diskoa kaleratu zuen 2023an, baina Mekoletara ekarriko duena harago doa. Hernando Iñigo Etxarri musikariarekin batera izango da Mekoletan, musika elektroniko dantzagarria aurkezten: Bele raven.
Musika eskaintza Zeker, Luhartz, Galazota taldeek eta Otxandioko musika bandak osatuko dute.
EGITARAUA
Ekainak 11, eguena
- 09:00 San Bernabera igoera
- 10:00 Mendi erromeria eta txupinazoa San Bernaben
- 12:30 Meza eta luntxa
- 17:00 Mus eta briska txapelketa
Ekainak 12, barikua
- 21:00 Afari herrikoia (Txartelak Fondan eta Arkotxen)
- 22:30 Kontzertuak:
- Galazota
- Zeker
- Bele (Raven)
Ekainak 13, zapatua
- 17:00 Urduri dantza taldearen emanaldia
- 18:00 Kapikua Circus
- 19:30 Errobi
- 20:00 Eusko Label pintxoak
- 21:00 Erromeria: Luhartz
Ekainak 14, domeka
- 13:00 Otxandioko udal banda
- 14:00 DjOn eta marianitada