Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) Euskararen arnasguneek bizi duten egoeraz ohartarazi du Otxandion, maiatzaren 16rako antolatu duten Udalerri Euskaldunen Eguna aurkezteko ekitaldian: "Azken ikerketa eta datuek alarma gorriak piztu dituzte. Egoera iraultzeko ezer egin ezean, arnasguneak desagertu egin daitezke laster eta udalerri euskaldunetan gainbehera agerikoa izango da". Horren aurrean, esnatzera deitu du, Euskal Herriko hainbat eragilegaz batera.
Udalerri euskaldunak eta arnasguneak "ezinbestekoak" izanik, horien ekarpena eta garrantzia gogoratuko dituzte, Udalerri Euskaldunen Egunean. "Udalerri euskaldun guztien eguna" izatea gura dute Iratxe Lasa Markina-Xemeingo (Bizkaia) alkate eta UEMAren zuzendaritza batzordeko kideak azaldu duenez. Eta, jai giroan nabarmendu gura dute udalerri horiek guztiek euskararen biziberritzean egiten duten ekarpena, gaineratu du.
Eguerdiko ekitaldi nagusian, UEMAk "arnasguneei eusteko urgentziazko neurriak" aurkeztuko ditu, eta, bide batez, omenaldia egingo diete euskara ikasten dabiltzan otxandiarrei. Maider Arejolaleiba Otxandioko euskara zinegotziaren berbetan, "ilusioz aritu gara lanean, herriko elkarte eta eragileekin batera, eta ilusio horretara batzeko deialdia egin gura diegu Euskal Herriko euskaldun guztiei". Gaineratu duenez, "Otxandio udalerri euskalduna da, eta harro gaude otxandiarren izaeraren eta nortasunaren ezaugarri nagusienetakoa euskara izateaz, euskaldunak izateaz". Horregatik pozez hartu dute eguna antolatzeko gonbidapena.
Egun osoko egitaraua antolatu dute, eta, goizean, UEMAko batzarra ere egingo dute. UEMAko kide izateko eskatu du Elgorriagak (Nafarroa), eta, onartuz gero, 121 udal izatera helduko da mankomunitatea. Ekimena erakunde publikoen, eragileen eta herritarren arteko elkarlana bultzatzeko jaio zen, udalerri euskaldunak "sendotzeko" eta herritarren kontzientzian eragiteko.
Abestia
Udalerri Euskaldunen Eguneko abestia ere aurkeztu dute: Zazpi harri, zazpi herri. Sergio Meurio eta John Learretak sortu dituzte abestia eta musika, eta Otxandioko eskolan bertan osatu dituzte hitzak. Ahotsa ere Otxandioko eskolako ikasleek jarri diote abestiari.
EGITARAUA
Maiatzak 16
- 10:00 Diana, Kalerik Kale txistulariekin.
- 10:30 UEMAren batzar nagusia, Mainondon.
- 11:30 Herri kirolak, haurrentzat, plazan.
- 13:00 Ekitaldia, plazan.
- 13:45 Udal bandagaz kalejira.
- 15:00 Bazkari herrikoia (Txartela hartzeko azken eguna, maiatzaren 8a). Bazkalostean, Kalaka egurrezko jolasak, umeentzako tailerrak, Airatugaz Emojonk! galderaerantzunen jokoa...
- 18:00 Kalejira Basogaira, Urbiribil dultzaineroekin.
- 18:30 Zazpi harrien inaugurazio ekitaldia, Basogainen. Bertsolariak, Oihandi abesbatza, Urduri dantza taldea, Kaleik Kale txistulariak…
- 19:15 Kalejira, Basogaitik Plazara.
- 20:00 Errigorako produktuen dastatzea, plazan.
- 22:00 Lorratz taldeagaz erromeria, plazan.