Ruiz de Infante eta Erasun, Nafarroako Irekiko txapeldunorde

E.H. 2026ko maiatzaren 3a

Final erabatekoa jokatu dute: orekatua, lehiatua, azken unera arte emozioz beterikoa. Eta hori guztia harmailak gainezka zeudela. Alabaina, otxandiarrak eta zizurkildarrak aurkariak estu hartu dituzten arren, txapelak janzteko atarian gelditu dira. Alize Sagardui eta Enara Gaminde dira Nafarroako Irekiko txapeldunak.

Iruñeko Labrit pilotalekuak Nafarroako txapelketa Irekiko finala hartu du eguerdi honetan. Bertan, Ainhoa Ruiz de Infante otxandiarra lehiatu da, Itxaso Erasunekin batera, Alize Sagardui eta Enara Gaminderen kontra. Emozioz beteriko partida izan da, final bati eskatu dakizkiokeen ezaugarri guztiekin jantzirikoa: orekatua, lehiatua, azkenengo tantora arte emozioz beterikoa. Eta hori guztia non eta jendez beteriko Labrit mitikoan.

Ruiz de Infante eta Erasun indartsu hasi dira. Partidaren erritmoa markatu dute lehenengo tantoetan, eta deseroso sentiarazi dituzte aurkariak. Alabaina, tantoek aurrera egin ahala, Gamindek eta Sagarduik beren lekua hartu dute partidan, eta gidoia aldatzea lortu dute. 14-1eko partzialagaz, garaipena eskuratzeko bidean ipini dira, markagailuan 15-6 aurreratu direnean. Halantxik izan da azkenean, baina irabazleek frontoian baturiko guztiek uste zutena baino lan askoz handiagoa egin behar izan dute txapela poltsikoratzeko. Izan ere, Ruiz de Infantek eta Erasunek hortzak erakutsi dituzte, eta tantoak gogortu dituzte markagailuko distantzia nabarmen murriztuta. Partida asko orekatu da azken txanpan, harik eta Enara Gamindek eta Alize Sagarduik txapelak Laukizera eta Goizuetara eramatea lortu duten arte. 22-20 amaitu dute partida.

Labrit, betikoa

Bederatzi hilabetez zarratuta egon eta gero, Labrit pilotalekuak bere betiko distira berreskuratu du. Iruñeko Bombonerak harmailak goraino beteta eta 500 bat pilotazale sarerrarik barik geratu direla hartu du Nafarroako Irekia. Pilotalekuak 75 urte beteko ditu datorren urtean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!