Atzo emakumeen Binakako Txapelketa Nagusiko finalerdiak jokatu zituzten Agurainen. Lehenengo partiduan Ainhoa Ruiz de Infante otxandiarrak eta Nora Mendizabal aguraindarrak ezin izan zuten finalera sailkatu faborito ziren Olatz Arrizabalagaren eta Arrate Bergararen aurka 22-14 galdu ostean. Galdu arren, biek oso ondo jokatu zuten. Azken emaitza ez da kantxan ikusi zenaren isla garbia. Ruiz de Infante eta Mendizabal hobeto sartu ziren partiduan eta lan erdietara aurretik heldu ziren: 8-11. Tarte horretan Ruiz de Infantek bizi ibili zuen pilota eta Mendizabalek ondo bilatu zuen ezker pareta, faboritoak estuasunetan ipiniz.
Une kritiko horretan, ordea, gorriek atsedenaldia eskatu zuten eta hortik aurrera partidaren gidoia aldatu egin zen. Bezperan beste partida bat jokatzetik zetozen arren, Arrizabalaga-Bergara fisikoki indartsuago agertu ziren bigarren erdian, eta gainera lasaiago jokatu zuten, erabaki hobeak hartuz. Horrela eman zioten buelta partidari, baina ez lana gogotik egin gabe, urdinek sekulako defentsa erakutsi zutelako.
Gaminderen erritmora
Bigarren finalerdian ligaxkan puntuetara berdindurik amaitu zuten bi bikote aritu ziren elkarren aurka, baina atzoko partidan oreka gutxiago egon zen eta denbora guztian Alize Sagardui eta Enara Gaminde markagailuan aurretik joan ziren Aldai-Arrillaga bikotearen aurka. Azkenean 22-12 nagusitu ziren.
Finala martxoaren 22an jokatuko da, Eibarko Astelena pilotalekuan.

Aguraingo pilotalekua bete egin zen finalerdiak ikusteko (Argazkia: Eraman)